Zahartze aktiboko saioak antolatu dituzte Markina-Xemeinen
Hilean saio bat antolatu dute. Izena emateko epea otsailaren 21ean amaituko da, eta lekuak mugatuak dira.
Markina-Xemeingo Udalak eta Beti Jai jubilatuen elkarteak zahartze aktibo eta osasuntsuaren aldeko ekintzak antolatu dituzte, Lea Artibai Ikastetxean. Udaletxeko Berton bulegoan izena emateko epea otsailaren 21ean amaituko da, eta lekuak mugatuak dira.
Hilean saio bat antolatu dute; denak 17:00etatik 18:30ak arte izango dira. Lehenengoa otsailaren 25ean izango da eta hurrengoak martxoaren 21ean, apirilaren 25ean, maiatzaren 16an eta ekainaren 13an.
Lau atal nagusitan banandu dituzte zahartze aktibo eta osasuntsuari buruzko hitzaldiak. Osasuna indartzen duten jokabideak landuko dituzte, eta ezagupenaz gain, horiek integratzeko estrategiak erakutsiko dizkiete parte hartzaileei. Errekuperazioa eta atsedena sustatuko dute saioetan, eguneroko bizitzan kontuan hartu beharreko aholkuak emanez.
Kontrol emozionalari dagokionez, autoezagutzan barneratuko dira, geure burua maitasunez eta adeitasunez tratatzen ikasteko tresnak landuz. Azkenik, harreman eta parte hartze soziala lantzeko estrategiak landu eta aztertuko dituzte.
Martxa hartzen. 2020an COVID-19aren pandemiagatik Beti Jai jubilatuen elkarteak bertan behera utzi behar izan zituen ekintza asko, baina orain iraganeko martxa hartzen ari dira. Trukeko talde bat osatu dute, eta eguaztenero 17:00etan eskulanak egiten dituzte. Aurretik, Gabonetako otzara, San Blasetako opilak eta gaztain erreak egin zituzten.