Lekeitioko Beteranoen Txapelketako finalerdietarako azken txartela, jokoan
Txapelketako finalerdietara igaroko den azken bikotea erabakiko da domekan [otsailak 20]. 11:00etan hasiko da norgehiagoka Lekeitioko trinketean, eta emozioz beteriko partida aurreikusten dute antolatzaileek.
Asteburu honetan erabakiko da Lekeitioko Beteranoen Txapelketako finalerdietara igaroko den azken bikotea. Domekan [otsailak 20] jokatuko da ligaxkako azken partida Astigarraga (Deba)-Foster (Lekeitio) eta Jaunarena (Gartzaron)-Pradera (Mallabia) bikoteen artean. Partida garrantzitsua da, izan ere, azken aurrekoetarako pasea dute jokoan bikoteek. Partida bat irabazi dute biek, eta domekan puntua jasotzen duenak 4. postuan amaituko du ligaxka.
Martin lekeitiarra da Fosterren bikotea, baina, txapelketaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, gerriko minagaz dabil. “Aurreko domekan [otsailak 13] partida atzeratu zuen, baina osatu ez denez, Iñaki Astigarraga debatarrak hartuko du bere tokia”.
Bikote sendoa osatuko dute; bata zein bestea aurrean ibili dira aurreko urteetako txapelketetan ere. Iñaki Astigarraga txapeldun geratu zen 2019an eta 2017an azpi-txapeldun. Foster, berriz, 2020ko azpi-txapelduna da.
11:00etan hasiko da norgehiagoka, eta emozioz beteriko partida aurreikusten dute antolatzaileek: “Partida polita izango da aurreko koadroetan, bai Iñaki Astigarraga debarra eta bai Mikel Jaunarena nafarra oso onak eta tantoa errez amaitzekoak dira-eta. Atzean Praderak ukitu hobea dauka, eta hor egon daiteke abantaila, baina Fosterrek defentsa ona dauka, eta gainera tanto asko egiten ditu pilota sarera bideratuta”.
Azken aurrekoak otsailaren 27an eta martxoaren 6an jokatuko dira. Bi partidetara izango dira, eta bikote bakoitzak partida bana irabazten badu, hirugarren bat jokatuko da martxoaren 13an. Izan ere, Txapelketa honetan tantoak ez dira kontuan hartzen. “Horrela, jokalariek jokoaz gehiago gozatzea lortzen da”. Finala, berriz, martxoaren 27an izango da.
Orain arte sailkatuta dauden bikoteak ondorengoak dira:
- Malax (Mendata)-Madariaga (Eibar)
- Gandiaga anaiak : Eñaut eta Iban (Berriatua)
- Rober (Bergara)-Egaña (Mendaro)