Sinadurak batu dituzte Markina-Xemeinen, migratzaileen erregularizazioaren alde
Espainiar Estatuan bizi diren migratzaileak erregularizatzeko abiarazi duten #LHEerregularizazioa kanpainagaz bat eginez egin dute ekintza.
Ongi etorri Errefuxiatuak plataforma kalera atera da gaur [otsailak 19] Markina-Xemeinen, Espainiar Estatuan egoera administratibo irregularrean dauden 500.000 migratzaileren erregularizazioa bultzatuko duen Herri Ekimen Legegilea ezagutzera emateko. #LHEerregularizazioa kanpainari gaur eman diote ofizialki hasiera, eta Arkupean egon diren tartean 100 sinaduratik gora batu dituztela esan dute.
Euskal Herriko eta Espainiako beste hainbat herritan eta hiritan ere antzeko mobilizazioak egin dituzte. Ekimenaren helburua 500.000 sinadura jasotzea dela nabarmendu dute; lege proposamena berriskuteko eskatzen dute. “Herritarron eta bertan bizi diren migratzaileen ahotsa entzuteko eskatu nahi dugu sinadura bilketa honen bidez”.
Aurrez ipinitako helburua gaindituko dela uste dute Markina-Xemeingo Ongi etorri Errefuxiatuak plataformako kideek. “Gero ikusi beharko da legeari zer nolako aldaketak egiten dizkioten, baina beharrezkoena da lege proposamena Diputatuen Kongresuko eztabaida gunera ailegatzea. Garrantzitsua iruditzen zaigu baita ere gaia kaleetan egon eta entzutea ere”.
Kanpainaren hasiera aitzakia modura hartuta, elkarretaratzea ere egin dute, eta hurrengo asteetan sinadurak batzeko antzeko ekintza gehiago egingo dituztela iragarri dute. “Herrian egingo diren ekintza jendetsuak edo jaiak baliatuko ditugu kalera irten eta sinadurak batzeko. Hemendik ekainera horretarako aukera izango dugu”. Ohartarazi dute eskaria sinatu nahi dutenek 18 urtetik gora eduki eta NANa aurkeztu beharko dutela. “Bestelakoan ez du balio atxikimendu horrek”.