Banketxeetako arreta hobetzeko eskatu dute Ondarroako pentsiodunek
Eskaera mozio baten bidez aurkeztu dute. "Adinekook eta pentsiodunok zailtasunak ditugu banketxeetan. Gure pentsioetako dirua kudeatzeko eta beste hainbat kontutarako laguntzea eta erraztasunak ematea eskatzen dugu".
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak babestutako dokumentua gaur [otsailak 21] eguerdian aurkeztu dute udaletxeko erregistro orokorrean. Ohi modura, dozenaka herritar batu dira asteleheneroko elkarretaratzean, eta egindako proposamena “begi onez” ikusi ostean, mozioa aurkeztea erabaki dute; hainbat herritarrek lagunduta joan dira erregistrora.
Alamedako Pentsiodunek azaldu dutenez, udalbatzari gaia aztertu eta horri buruz eztabaidatzeko eskatu nahi diote. “Mozio bera herri gehiagotan ere aurkeztu dute. Orain ikusi beharko da gaia otsaileko edo martxoko udalbatzan aztertuko duten”.
Zortzi puntutan jasota, hainbat eskari egin dituzte. Besteak beste, arreta emateko leihatila bat irekitzeko eskatu diete banketxe guztiei. “Leihatila horretan herritar guztiei, eta 65 urtetik gorakoei, lehentasunez, aurrez aurreko zerbitzua bermatuko zaie lanaldi osoan”. 65 urtetik gorako pertsonei, hala eskatzen badute, doako zordunketa txartelak ematea ere eskatu dute. “Inolako komisiorik barik, erabilera mugen inolako ordainketarik barik, saldo jakinaren eskakizunik barik, erabiltzeko gutxieneko zenbatekorik barik edo antzeko produktuak eduki barik izan beharko dute txartel horiek”.
Datorren astean lau urte beteko dira Ondarroako pentsiodunak mobilizatzen hasi zirenetik, eta urteurren hori ospatzeko elkarretaratze “berezia” egingo dutela iragarri dute. “Ezin dezakegu askorik aurreratu, baina ezusteko bat baino gehiago egongo da”. Astelehenero modura 12:00etan batzeko deia egin dute.