Bizkaiko udalerriek 58 milioi jasoko dituzte 'Herriak Egiten' ezohiko funtsetik
100.000 euro jasoko dituzte Lea-Artibaiko udalerri txikiek, 345.000 euro Lekeitiok eta Markina-Xemeinek, eta 445.000 euro Ondarroak.
Espainiako Estatuak pandemiak eragindako krisiaren eragina arintzeko Bizkaiari esleitutako 94,79 milioietatik 58.000.000 euro udalen artean banatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Biztanle kopuruaren araberako da udalerri bakoitzak jasoko duen zenbatekoa: 1.500 biztanlera arteko udalerri txikienek jasoko dituzten 100.000 euroetatik hasi eta Bilbok, 200.000 biztanletik gorako udalerri bakarrak, jasoko dituen 15 milioietara arte.
Lea-Artibai eta Mutrikuri dagokionez, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa, Munitibar eta Ziortza-Bolibar 1.500 biztanleria arteko tarte horretan egongo lirateke, eta beraz, 100.000 euroko laguntza jasoko du herri bakoitzak; Lekeitio eta Markina-Xemein 5.000 eta 7.500 biztanle artean dituzten herrien artean daude, eta beraz, 345.000 euro jasoko dituzte, eta Ondarroak, 7.500 eta 10.000 biztanle artean izanik, 445.000 euro jasoko ditu.
Udalerriek inbertsio proiektuetara bideratu ahalko dituzte transferitutako baliabideak, baldin eta, lehentasunez, martxan dauden lurraldeko lau trantsizio estrategiko handiak sustatzen badituzte: iraupen luzeko zainketak, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena.
Diru gehiago Udalkutxan. Aldunditik jakitera eman dutenez, Herriak Egiten Ezohiko Funtseko 58 milioi euroez gain, udalerrien diru-sarrerak handitu egingo dira Udalkutxa funtsaren likidazio positiboari esker. Izan ere, 2021eko urrian aurreratu ziren aurreikuspenak hobetu egin dira. Ekitaldi horretarako 829,4 milioi euro izatea aurreikusten zuten, baina 80,8 milioi euro gehiago egongo dira. Beraz, 2022rako Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsa 910,2 milioi eurokoa izango da azkenean.