Kinttopeko lehen sari nagusia jokatuko da Pazko idi probetan
Etxebarriko Udalak 67. idi probak antolatu ditu Martxoaren 26tik 28ra eta apirilaren 1etik 4ra
Etxebarriko Udalak lehenengo aldiz antolatu du Kinttopeko sari nagusia Pazko asteko idi proben barruan. Izena emateko eguna martxoaren 13a izango da goizeko 12:00etatik 13:00etara telefono bidez Etxabarriko Udalera deituz: 946166432. Lehiaketa egunak martxoak 26, 27 eta 28 eta apirilak 1, 2, 3 eta 4 izango dira. Guztira, 17.600 euro banatuko dituzte sarietan.
Berritasunekin dator Pazkoetako Etxebarriko idi probak. Lehen aldiz kinttopeko sari nagusia antolatu dute. Herriko buztarri bakarreko harria izango da idiek mugitu beharrekoa eta 250 kiloko txaparekin erabiliko da. Sari handiak daude, irabazleak 1300 euro irabaziko ditu eta Olaia jatetxearen manta. Lehenengo zortzi sailkatuek jasoko dituzte sariak, gainontzekoek 500 euro lortuko dituzte dietetan, gutxienez 25 untze egiten badituzte.
Idi proben sari nagusia 67. aldiz lehiatuko da. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren kontrolpean egongo da antolaketa. Jakinarazi dutenez, parte hartzaileek antidopin arauak bete beharko dituzte eta hurrengoko baldintzak bete. Harria Etxebarrikoa izango da eta 1500 kilokoa. Idi pare guztiek 1140 kiloko pisu oinarria edukiko dute, eta idi buztarri bakoitzak akulari bi eraman beharko ditu. Bikote bakoitzaren eguna antolatzaileek aukeratuko dute, eta partaideak onartzeko eta baztertzeko eskubide osoa edukiko dute. Idiak 10:00etan pisatuko dituzte, dagozkien egunean.
Sariei dagokionez, txapeldunak 1600 euro irabaziko ditu eta Ituarte pentsuakeko manta. Lehen hamabi sailkatuek jasoko dituzte sariak, eta kinttope lehiaketan bezala, gainontzekoei dietetan 500 euro banatuko zaizkie, betiere 25 untze osatzen badituzte. Horrez gain, Lea-Artibai eskualdeko lehenbizikoak 300 euro eta Ezenarro aroztegiaren akuilu-sorta lortuko ditu.