Mikel Otegi eta larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatu dute Ondarroan
Ondarroako bizilagunari biriketako tuberkulosia diagnostikatu diote duela gutxi, eta haren osasun egoera azaleratu eta aske laga dezatela eskatzeko elkarretaratzea egin zuten domeka [otsailak 20] eguerdian, Alamedan. Sortzez itsasondoarra den presoak hogei urte daramatza espetxean, eta lehendik ere, larriki gaixo dauden hemeretzi euskal presoen zerrendan zegoen. “Gaitza eta kartzela baterazinak” direla salatu nahi izan zuten bertan batu zirenek. Mobilizazioa, gainera, gainontzeko preso gaixoen egoera salatzeko eta haien askatasuna eskatzeko baliatu zuten.
Ondarroakoa, baina, ez da preso politikoaren egoera salatzeko asteburuan egin duten mobilizazio bakarra izan. Zapatuan [otsailak 19]mobilizazio jendetsua egin zuten presoaren jaioterrian; Itsasondo eta Ordizia batu zituzten giza kate bategaz.