Erabilgarri dago Ondarroako kalistenia zirkuitua
Zaldupe udal kiroldegiaren atzeko gunean zabaldu dute zirkuitua, skate parkearen eta parke bio-osasungarriaren alboan. 75 metro koadro inguruko azalera eta zazpi ariketa gune ditu instalazioak, aire zabalean jarduera fisikoa doan egiteko.
Kalistenia aire zabaleko kirol modalitate bat da. Hainbat elementu eta altzariren bidez, nagusiki norbere gorputzaren pisua erabiltzen du, karga edo erresistentzia gehigarririk behar izan barik. Zaldupe atzekoa, hain zuzen, Ondarroan ipini duten mota horretako lehen instalazioa da. Azpimarratu dutenez, azpiegitura 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago. “Adin horretatik gorako edozeini egokituta dago zirkuitua”.
Bertan dauden ekipo finkoek kirola banaka zein taldean egiteko aukera ematen dute. “Gorputz atal guztiak lantzeko aukera ematen du. Ariketa solteak egiteko eta baita ere zirkuitu era batean ariketa egiteko aukera ematen du”. Erabilera zehazten duen jarraibideekin osatutako kartel bat ere ipini dute sarreran. QR kode baten bidez, gailuak zelan erabili erakusten duten bideoak ikus daitezke. “Bertan ariketa ezberdinak egoki egiteko tutorial motzak daude ikusgai”.
Lanak Montajes Garra SL enpresak egin ditu, eta aurreko barikuan [otsailak 18] amaitu zituzten, hamar eguneko lanen ostean. Kirol diziplina horretan diharduen udalerriko gazte talde batek egindako eskaera bati erantzunez eraiki dute kirol ekipamendu berria. 12.900 euro (BEZ aparte) bideratu ditu udalak lanetara.
Kokaleku aldaketa. Zirkuitua, hasiera batean, Arrigorri begiratokian ipintzeko asmoa zuen udalak, baina kokalekua aldatzeko arrazoiak ere eman dituzte. “Herrigunetik gertu zegoelako eta leku diskretu bat zelako aukeratu zen leku hori. Baina Mikel Lertxundigaz egon gara, bertan dauden eskulture egileagaz, eta eskulturengan eragin bisual handia edukiko zuela iritzita, aldatu egin da kokalekua”.
Kokaleku berria, aurretik aukeratutakoaren modura, herrigunetik gertu dagoelako, eta, aldi berean, leku “diskretu” batean eta jendearen “begi bistatik babestuago” dagoelako aukeratu dutela gaineratu dute. “Zaldupe atzean skate parkea eta parke bio-osasungarria daudela baliatuta, zirkuitua eraikitzeko lekurik aproposena zela iruditu zitzaigun. Proposamena egin zuen gazte taldeagaz ere kontsultatu genuen erabakia, eta begi onez ikusi zuten”.