Espetxez lekualdatuko dute Mikel Otegi presoa
Ondarroako bizilaguna Iruñeko espetxetik Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko batera lekualdatuko dute.
Espainiako Espetxe Erakundeek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak elkarlanean Ana Belen Egues, Javier Gallaga, Endika Garate, Maite Pedrosa eta Mikel Izpura Euskal Herriratzea adostu dute. Bost preso horiez gain, Mikel Otegi eta Jose Mari Dorronsoro ere lekualdatuko dituztela jakitera eman dute; Iruñeko kartzelatik Jaurlaritzaren eskumenekoren batera lekualdatuko dituzte, Nafarroako espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatuta. Orain Jaurlaritzak erabakiko du Martutenera, Zaballara edo Basaurira mugitu.
Denbora gutxian bigarren aldiz lekualdatuko dute Otegi. 2021eko udaberrian, Valdemoroko espetxetik (Madril, Espainia) Iruñeko espetxera lekualdatu zuten. 2009an espetxeratu zuten Ondarroako bizilaguna, 25 urteko zigorra betetzeko. 2027ko martxoan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Albiste izan da azken egunotan, biriketako tuberkulosia diagnostikatu diotelako; Etxerat-ek aske uzteko eskatu du, aurrez ere beste gaixotasun larri bat duelako.