Haurrentzako jolas parkea konponduko dute Munitibarren
Jolas parkearen itxuraldatzea herriko ume eta gazteekin egindako parte-hartze kolektiboaren arabera diseinatu du Munitibarko Udalak. Egokitzapen obrak iragan barikuan hasi zituzten, eta apiril hasierarako amaituta egotea aurreikusten dute.
Munitibarko Udalak herriko plazan kokatuta dagoen haurrentzako jolas parkea konpondu eta itxuraldatuko du. Joan dan asteko barikuan hasi zituzten obrak, eta apiril hasierarako amaituta egotea aurreikusten dute, horniduragaz arazorik suertatzen ez bada. Oraingoz, parkeko jolasak kendu dituzte, moldaketak egiteko. Jolas parkearen egokitzapen egitasmo hori 2017an jaiotako Zeuaz proiektuaren barruan sortu da. Zeuaz-ek, besteak beste, Munitibarko umeen eta gaztetxoen parte-hartze programa bat barnebiltzen du; herriko bizilagun gazteenen parte-hartze kolektibo horren iritzietan oinarritu da udala, funtsean, herriko parkearen nahiz denetariko txokoen informazioa jasotzeko. Saio horiek Ianire de Andres Olabarria arkitektoak zuzendu ditu, Munitibarko Udalaren laguntzagaz.
Plazako jolas parkea berritzeko, 2019an, eremu horren diseinua modu kolektiboan erabaki zuten haurrek eta gazteek. Jasotako iritzi guztiekin, txosten bat sortu zen; bertan, adosturiko hirigintza diseinuaren nondik norakoak ageri dira. Txosten horretan oinarritu da, hain zuzen ere, jolas parkearen egikaritza proiektua. Diseinua finkatzean ondorioztaturiko puntuen artean adin desberdinetako ume nahiz gazteek jolas eremua elkarbanatzea zehaztu zen. Era berean, espazio horren erabiltzaileen inguruko genero hausnarketa bat ere egin zuten: talde handiak batzerakoan, neska zein mutil elkartzen direla argitu zuten; baina taldeak txikiagoak direnean, genero arteko zatiketa ematen dela eta, horrenbestez, neskak alde batetik eta mutilak bestetik bereizten direla ondorioztatu zen.
Erabiltzaileen adina ere eztabaidagai izan zuten: jolas parkea adin jakin bateko haurrek (10 urte ingurukoek) erabiltzen dutela argitu zuten. Horren arrazoia aztertu dute, eta bikoitza da: batetik, parkeko jolasak adin tarte horretarako planteatuak direla; bestetik, ostera, jolas parkeko espazioa oso mugatua dela jolas libreak elkarbanatzeko. Ildo horretan, zahartxoagoak diren erabiltzaileen beharrizanak asebetetzea ere helburu du Munitibarko Udalak. Herrikideen arteko bizikidetza frogatze aldera, udalak azpimarratu du adin ezberdinetako umeek ez dutela inongo mugarik edo oztoporik izan beste adin tarte batzuetako erabiltzaileen beharrizanen inguruan hausnartzeko; ondorioz, kontzientzia kolektiboa landu dute, eta adin tarte batzuetako haurrek beste adin tarte batzuetakoen beharrak aintzat izatea bilatu.
Koronabirusaren pandemiak eten egin zuen umeen jolas parkea berrizteko proiektua, Munitibarko Udalak ez baitzituen eskuratu eskatutako diru laguntzak. 2021ean, baina, baliabide ekonomiko horiek erdietsi zituen eta, beraz, proiektuaren bideragarritasuna bermatu zuen. Beste alde batetik, udalak barkamena eskatu die Munitibarko herritarrei, 2020an zehar ez baitzituen egoki komunikatu proiektuaren inguruabarrak. Udaletik azaldutakoaren arabera, herrian egiten diren tankera horretako proiektuak aldizkariaren bitartez komunikatzen dira, eta pandemia sasoian komunikabide bide nagusi hori ezin izan zuten erabili. Ildo horretan, barkamena eskatu dio herritar orori.