Lekeitioko Mugimendu Feministak trikipoteoa eta bertso bazkaria antolatu ditu
Martxoaren 5erako antolatutako bazkarian izena emateko azken eguna domekan [otsailak 27] izango da
Lekeitioko Mugimendu Feminista martxoaren 8ko emakumeen egunerako motorrak berotzen hasiko da datorren asteburutik. Martxoaren 5ean trikipoteoa eta bertso bazkaria antolatu dute. Bazkarian izena emateko epea, berriz, domekan amaituko da. Tiketak Andraetxian, Eskolapeko farmazian, Aralde Barrin eta Galarrenan daude eskuragarri, mugimendu feministako kideek ere izango dituztelarik. Prezioari dagokionez, 15 euro balio ditu. Bi menu aukera eskaintzen dituzte. Batetik, barazki paella, oilasko errea patatekin, pantxineta eta edaria duena, eta bestetik, beganoa, berdina, baina barazki lasagnagaz oilaskoaren ordez.
Lekitto eraldatuz, begirada feminista zabaldu, gora Andraetxia lelopean antolatu dituzte martxoaren 5eko bi ekitaldi nagusiak. “Martxoaren 8a baino lehen, pixkanaka testuinguruan jartzeko, feminismoaren aldarrikapena osatu nahi dugu jai giroan”, azaldu dute antolatzaileek. 13:00etan trikipoteoa hasiko dute eskolapetik. Behin amaitu ostean, 15:00etan inguru, bertso bazkaria egingo dute ikastolan. Ane Labaka Mayoz eta eta Aissa Intxausti Aburruza izango dira bi bertsolariak.
Hurrengo egunean, domekan, Lekeitioko 40 emakume joango dira autobusean Donostira Lilatoian parte hartzera. Aurreratu dutenez, martxoaren 8ko manifestazioa 18:30ean hasiko da eskolapetik eta ondoren txokolatada egingo dute.