Mikel Antzak 'Arroz urez' liburua aurkeztuko du, Lekeitioko Azkue aretoan
Galarrena kultur elkarteak 18:00etan jarri du hitzordua zapatuko [otsailak 26] aurkezpenerako, ondoren solasaldia egingo dute.
Mikel Antzak zapatuan [otsailak 26] aurkeztuko du 18:00etatik aurrera Lekeitioko Azkue aretoan Arroz urez liburua. Galarrena kultur elkarteak antolatutako aurkezpena amaitu ostean solasaldia egingo du idazle donostiarrak ikusleekin batera.
ETAren sorrera eta amaiera kontatzen ditu saio literario honetan; edo, behintzat, sorrera eta amaiera bana, autorearen bizitzari lotuak. Introspekzio ariketa baten bidez, Txabi Etxebarrietagaz hasi eta izeko Luzigaz amaitzen du Antzak idatzi pertsonal hau; tartean, beste hamaika izen esanguratsu, oihartzunezko edo ezezaguni lekua egiten die.
Hasieraren eta bukaeraren muturrak lotzeko hari gidaria da Burgosko Auzia. Mende erdi igaro da eta autoreak auzipetuetako zenbait elkarrizketatu ditu, eta haien testigantzak kontakizunaren atzeko oihala osatzeko moduan josi. “Eta, lerroartean arroz urez idatziak, gure herrian ikusezin gorde behar izan direnak agerian geratuko dira”, diote antolatzaileek.