Edukiontzi kanpoan hondakin poltsak lagatzen dituztenak zigortzen hasi dira Debabarrenan
Hartzen diren lehen neurriak izanda, azpimarratu dute "leun" jokatu dutela "abisu moduan", baina ohartarazi dute jokabide "desegoki" horiek erantzuna izango dutela hemendik aurrera. Halako ekintzek 200 euroko isuna ezartzea ekar dezaketela nabarmendu dute.
Debabarrena Mankomunitateko arduradunek ohartarazi dute egunero 1.000 kilo hondakin inguru batzen dituztela eskualdeko edukiontzi kanpoetan lagatako poltsetan. “Mankomunitateak egunero eskaintzen du zabor bilketa zerbitzua, eta egunero husten ditu edukiontziak. Hortaz, beti dago poltsak edukiontzien barruan uzteko lekua. Jokabide honek sortzen dituen arazoei irtenbide bat eman eta herrietako kaleak txukun mantentzeko helburuarekin, neurriak hartzen hasi da Mankomunitatea”.
Mankomunitatearen hondakin bilketaren ordenantzan oinarrituta, eta udaltzaingoek egindako atestatuei eta herritarren kexei erantzunez, 2021eko urriaz geroztik lau zigor espediente zabaldu dituztela zehaztu dute. Esan dute bi establezimenduk jaso dutela zigorra. “Establezimendu horietako bat birritan zigortu dute”. Arrazoi beragatik pertsona partikular bat ere zigortu dutela gaineratu dute.
Herritarrengandik gaiarekin lotutako hainbat kexa jaso dituztela ere gaineratu dute. “Azken hilabeteetan hainbat herritarrek kezka azaldu dute edukiontziak dauden leku batzuetan pilatzen diren hondakin poltsengatik. Ingurua zikintzen dutela eta herriko zenbait kaleetan ibiltzea esperientzia desatsegina bihurtzen dutela diote”.