Martxoaren 8a girotzeko zenbait ekintza egingo dituzte Ondarroan
Emakumeen Nazioarteko Eguna hurreratzen ari da, eta egun horren harira antolatutako ekintzaren bat edo beste egiten hasita daude jada Lea-Artibai eta Mutrikun. Lea-Artibai eta Mutrikuko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak, esaterako, bi ekintza egin ditu egunotan Ondarroan eta Lekeition, Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki! lelopean.
Barikuan [otsailak 25], ostera, Ondarroan horma irudi bat margotzeko deia egin dute. 18:00etan, Gaztetxean batzeko hitzordua ipini dute. Martxoaren 5ean, bestalde, jaialdia egingo dute Ondarroako Gaztetxean. 14:30ean bertso bazkaria egingo dute Lurdes Ondaro, Garazi Navarro eta Jon Gurrutxaga bertsolariekin. Bazkaritan batzen direnek, gainera, Auzi taldearen kontzertu akustikoagaz gozatzeko tartea edukiko dute bazkalondoan. Eguneko proposamenak No te crew eta DJ AKDren kontzertuagaz amaituko dituzte; 22:00etan hasiko da kontzertua Gaztetxean.
Bazkaritan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dutela esan dute. Interesatuek 688 69 64 68 telefonora mezu bat idatzi beharko dute. “Alergiarik izatekotan, edo aukera beganoa nahi izatekotan, jakinarazi izena ematerakoan”.
Ondarroako Udalak, Emakumeen Udal Kontseiluarekin eta Etxelilarekin batera antolatu dituen ekintzen artean, Metrokoadroka Kolektiboaren Andrezaharraren manifestua antzelana eskainiko dute barikuan, 19:00etan, Kofradia Zaharrean. “Antzezlana Literatur Amuak jaialdirako zegoen antolatuta baina bertan behera geratu behar izan zen. Orain, saio horretara joan nahi dutenek berriz jaso behar dituzte gonbidapenak turismo bulegoan; 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara dago zabalik bulegoa”.