Punta-puntako puntistak batuko ditu Mutrikuko III. Berdel Txapelketak
Barikuan [otsailak 25] hasiko da bidea egiten Danok Bat Pelotazale elkarteak antolatuta binakako txapelketa, eta apirilaren 1ean ospatuko den Berdel Egunean jokatuko dute finala.
Aurreko bi txapelketen antzera, aurtengoa ere era azkarrean jokatuko dutela esan dute antolatzaileek: hiru final-laurden jokatuko dituzte lehendabizi, eta finalerdiak gero. Final-laurdenak eta finalaurrekoak hiru setera jokatuko dira; 13 tantoko bi setera eta hirugarren bat balego, 5 tantora jokatuko dituzte. Lau jardunaldi horien ostean erabakita geratuko dira finala jokatuko duten bi bikoteak, baita hirugarren eta laugarren postua lehiatuko dutenak ere.
Bi mailatan banatuta jokatuko dute txapelketa: lehen mailan zortzina aurrelari eta atzelari batu dituzte eta bigarren mailan, beste horrenbeste. Jon Mendizabal Danok Bat Pelotazale elkarteko ordezkariak azpimarratu duenez, “kalitate handiko puntistak” ikusteko aukera edukiko dute Miruiatz pilotalekura gerturatzen direnek. Sarrera doakoa dela gogorarazi du, eta zale guztiak pilotalekura gonbidatu ditu. “Giro polita eta sekulako ikuskizuna ziurtatuta daude. Barikuero punta-puntako puntisten partidak ikusteko aukera egongo da”.
Euskal Herri osoko zesta-punta eskoletako 32 ordezkarik parte hartuko dute txapelketan. “Toki askotatik etorritako puntistak egongo dira txapelketan. Dauden zesta-punta eskoletako onenen aukeraketa bat egin dugu, tartean Munduko txapelketan parte hartu dutenak ikusteko aukera egongo da”. Horien artean, Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkaritza zabala egongo da. Zehazki, Mutrikuko, Berriatuko eta Markina-Xemeingo eskoletako bosna ordezkarik eta Lekeitioko Akarregi Pilota Elkarteko beste bik parte hartuko dute.
Lehen mailan honako zortzirak ariko dira: Danok Bateko Eñaut Urreisti, Mikel Manzisidor eta Aitor Andonegi, Markina-Xemeingo zesta-punta eskolako Alex Goitia, Danel Mandiola eta Ion Ibarluzea eta Berriatuko zesta-punta eskolako Antxon Alberdi eta Roberto. Eta bigarren mailan, honako bederatziak: Danok Bateko Markel Andonegi eta Jon Iparragirre, Berriatuko zesta-punta eskolako Xabi Arrasate, Unax Vidal eta Ortzi Aldazabal, Markina-Xemeingo zesta-punta eskolako Martin Ormaetxea Zelaia eta Gorka Mugartegi Atain eta Lekeitioko Akarregi Pilota Elkarteko Aitzol eta Paul Galletebeitia.
PARTIDEN ZERRENDA
- Otsailak 25, barikua, 19:00etan, lehen final-laurdena.
- Basterra-Jon Iparragirre eta Aitzol-Uretaren arteko norgehiagoka (2. maila).
- Victor-Markel eta Unax Vidal-Ortziren arteko norgehiagoka (2. maila).
- Antxon-Zugaitz eta Alex-Danelen arteko norgehiagoka (1. maila).
- Martxoak 4, barikua, 19:00etan, bigarren final-laurdena.
- Arrasate-Atain eta Gonzalo-Cabanillasen arteko norgehiagoka (2. maila).
- Eñaut-Uranga eta Aaraon-Lekueren arteko norgehiagoka (1. maila).
- Cosme-Manzi eta Eduardo-Ibarluzearen arteko norgehiagoka (1. maila).
- Martxoak 11, barikua, 19:00etan, hirugarren final-laurdena.
- Egaña-Paul eta Zelaia-Undaren arteko norgehiagoka (2. maila).
- Bixente-Aitor eta Etcheberry-Laborderen arteko norgehiagoka (1. maila).
- Martxoak 18, barikua, 19:00etan, finalerdiak.
- Martxoak 25, barikua. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak.
- Apirilak 1, barikua. Finalak.