Urrezko Binakako Txapelketaren finalean ariko da Ugaitz Mugertza
Julen Gabirondo urnietarrarekin batera, martxoaren 6an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den finalean aritzeko laugarren txartela eskuratu du.
Gizonezkoen XXII. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Sariaren final handian, dagoeneko finalisten zerrendan dauden beste hiru bikote izango dituzte aurkari: Patxi Mindegia-Joxean Etxeberria, Hodei Ezpeleta Bihurri-Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Julen Alberdi Txikia IV.a-Suharri Rodriguez Paolla. Mugertzak lau aldiz irabazi du binakako txapelketa (2014ean, 2015ean, 2016an eta 2017an Aitzol Atutxarekin) eta beste hirutan txapeldunorde geratu da (2011n eta 2012an Angel Arrospiderekin eta 2020an Txikia IV.arekin); txapela berriro janzteko ilusioa duela azpimarratu du.
Azpeitiko finala estua izango dela aurreikusten du mutrikuarrak. “Txapelketako lau bikoterik indartsuenak batuko gara finalean, eta ikuskizuna ziurtatuta egongo da alde horretatik. Txikiak eta Suharrik oso bikote sendoa osatzen dute, eta Basozabalek eta Bihurrik ere aurrean egoteko aukera asko izan ditzakete; nik uste dut hor egongo dela borroka. Julen eta biok gauzak ondo egiteko eta maila ona emateko plazaratuko gara”.
Gabirondo eta biak sasoiko daudela gaineratu du. “Entrenamenduetan gustura gabiltza. Duela hiru aste gainditu nuen koronabirusa, eta azken hamabost egunetan sentsazio onekin ibili naiz. Baina aste honetan sukarrarekin egon naiz, eta pixka bat ikututua nago. Arrazoi horregatik ez dut entrenatzeko aukerarik eduki; ea asteburuan entrenamendu on bat egiteko aukera daukaten”.
Finalerdiko txapelduna azken bi enborretan erabaki zen
Domekan [otsailak 20] Urnietako Placido Mujika plazan lehiatu zen azken finalerdiari dagokionez, Jon Rekondok eta Ibai Soroak osatutako bikotearen eta Eneko Saralegik eta Txomin Amundarainek osatutako bikotearen aurka aritu ziren nor baino nor azkarrago. Hamahiru pago enbor moztu behar izan zituzten hiru bikoteek: erlojuaren aurka 45 ontzako enbor bi, zutik kanaerdiko enbor bat, abiadura proban 60 ontzako bi enbor, zutik 45 ontzako enbor bat eta etzanda kanaerdiko enbor bat. Dena borobiltzeko, lan erdira, 60 ontzako sei enbor moztu behar izan zituzten.
Finalerdia estua, lehiatua eta emozioz betea izan zen; azken enborrera arte ez zen argi egon nork irabaziko zuen finalerdia. Hiru bikoteek nahikoa parekatuta hasi zituzten lanak, baina enborrak mozten joan ahala, Mugertza II.a eta Gabirondo aldeko segundoak pilatzen joan ziren gutxinaka. Azken laneko atarira aurretik ailegatu ziren; zazpi segundoko errenta zeukaten Rekondo eta Soroarekiko eta 39 segundokoa Saralegi eta Amundarainekiko.
Probaren azken txanpa “oso gogorra” izan zela esan du. “Lehen enborra oso txarra egokitu zitzaigun, eta 20 segundo baino gehiago galdu genituen. Bigarrengo enborrarekin ere ez ginen fin aritu eta hirugarrenean ere nahikoa egur txarra egokitu zitzaigun. 30 segundo atzetik ipini ginen, eta hori ikusita, momentu batean, etsituta ere egon nintzen, txanda librean 30 segundo berreskuratzea ia ezinezkoa delako. Laugarren enborrarekin segundo batzuk murriztu genuen aldea, eta azken bi enborrak aurretik botata, ezinezkoa zirudien emaitza iraultzea lortu genuen. Ez sinesteko moduko proba izan zen; aizkoran nabilen urteetan, binakako lehian batean halakorik gerta zaidanik ez dut gogoratzen”.
Erakustaldi bikaina emanda mutrikuarra eta urnietarra izan ziren bizkorrenak; bigarren sailkatuei 36 segundoko aldea aterata, 23 minutu eta 44 segundotan osatu zituzten lanak. Bigarren, Jon Rekondo eta Ibai Soroa izan ziren (24.20) eta hirugarren, Eneko Saralegi eta Txomin Amundarain (26.29).