Miren Agur Meabe euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak
Lekeitioko idazleak Xabier Kintanaren lekua beteko du Euskararen Akademian. Zortzi hilabeteko tartea dauka sarrera hitzaldia prestatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian bildu da gaur [otsailak 25] Euskaltzaindia, eta Euskaltzain osoek bozketa egin dute Xabier Kintana emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko. Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengoa lortu du.
Azaldu dutenez, orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzain lekeitiarrak sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera ekitaldia egingo diote.
Xabier Kintanak utzitako lekua hartuko du Meabek. Akademiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Kintana 2021eko urrian, eta 2022ko urtarrilaren 28an amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek Bilbon egin zen Osoko bilkuran, Miren Agur Meabe, hain zuzen ere, eta gaurko bilkuran idazle bizkaitarraren aldeko hautua egin dute.