Musika eta dantza giroaz gozatu dute Markina-Xemeingo inauterietan
Ez da ohiko egitaraurik egon, baina ospatzeko gogorik ez da falta izan. Bihar [otsailak 28] ikuskizun bat egongo da Plazabarripean.
Koadrilan, bikotean edo bakarrik. Markina-Xemeingo haur, gazte eta helduak mozorroak jantzi eta inauteriak ospatzera irten dira gaur [otsailak 27]. Inauteri jaiek ez dute ohiko egitaraurik eduki; ez da inauterietako kalejirarik, herri bazkaririk ez eta erromeriarik egin, hala ere, hainbat izan dira festara animatu direnak.
Azken orduan prestatutako mozorroak izan dira batzuk, beste batzuk, ostera, denboran pentsatu eta landutakoak, originalak batzuk eta ohikoagoak besteak, aurten, baina, jantziak baino festarako gogoa izan da nagusi.
[Ikusi ARGAZKI GALERIA zuzenean]
Urtero modura, Zelai ingurua eta alde zaharra izan dira ospakizunen erdigunea. Eguerdi partera batu da bietan jende gehien. Ardoa Barrura fanfarriak jarri du goizetik musika, eta kaleak animatzen joan dira apurka-apurka. Eguerdian, gainera, Zaragi Dantza dantzatu dute herriko Zerutxu dantza taldekoek, Imanol Aretxabaleta, Elene Ansola eta Rakel Pujanaren txistu eta danbolin doinuak jarraituz. Arkupean, Goiko Portalean eta Zehar kalean ere egin dute dantza neska-mutilek. Eurekin batera ibili da Hartza ere. Panderoaren doinuari jarraituz dantzan eta ikusleak beldurtzen aritu da.
Festak aurrera egin du arratsaldera arte, eta bihar [otsailak 28] ere ikuskizun bat egongo da 17:30ean Plazabarripean Gora Kasete taldearen eskutik.