Emozioz bete hasi da Mutrikuko III. Berdel Txapelketa
Basterra-Jon Iparragirre, Unax Vidal-Ortzi Aldazabal eta Antxon Alberdi-Zugaitz bikoteak izan dira barikuan [otsailak 25] jokatutako lehen final-laurdenen irabazleak. Barikuan [martxoak 4] jokatuko dute hurrengo final-laurdena.
Afizionatu mailako punta-puntako sei bikotek parte hartu zuten txapelketaren lehen final-laurdenean: lau bikote bigarren mailan aritu ziren eta bi, lehenengoan. Kantxarantzen lehenak bigarren mailako Basterra-Jon Iparragirre eta Aitzol Galletebeitia-Ureta bikoteak izan ziren. Partida oso lehiatua, estua eta orekatua jokatu zuten bi bikoteek, berdinketaz betea, baina, azkenean, Basterra eta Iparragirre nagusitu ziren; 13-10 eta 13-12 irabazi zuten Galletebeitiaren eta Uretaren aurka.
Bigarren mailako bigarren partidan Victor-Markel Andonegi eta Unax Vidal-Ortzi Aldazabal bikoteen arteko norgehiagoka ikusteko aukera egon zen; Vidalek eta Aldazabalek 13-8, 5-13 eta 1-5 irabazi zuten Victor eta Andonegiren aurka. Lehenengo setean Victorrek eta Andonegik oso ondo jokatu zuten, eta eurentzako izan zen lehen seta. Vidali eta Aldazabaleri, aldiz, jokoan sartzea kosta zitzaien, baina bigarren setean hobeto moldatu, eta horrek garaipena eskuratzea ahalbidetu zien. Frontoiari “puntua hartu” ostean, aldeko tantoak pilatzen hasi ziren. Eta bolada onari jarraituz, hirugarren seta “erraz” poltsikoratu zuten.
Gaueko azken partida lehen mailako Antxon Alberdi-Zugaitz eta Alex Goitia-Danel Mandiola bikoteen arteko norgehiagoka izan zen. Alberdik eta Zugaitzek “erraz” menderatu zituzten Goitia eta Mandiola; 13-6 eta 13-7 irabazi zuten. Alberdi eta Zugaitz ondo baino hobeto moldatu ziren kantxan eta “partida txukuna” jokatu zuten, baina Goitia eta Mandiola euren jokoa ezin eginda ibili ziren, eta hori igarri egin zen emaitzan; markina-xemeindarrek Munduko Kopa irabazi berri dute 24 urtez azpikoetan, baina euren mailatik “urruti” ibili ziren. “Ez zuten euren eguna eduki, eta ez zuten asmatu. Erritmo falta erakutsi zuten, eta hutsegite asko egin zituzten”.
Barikuan [martxoak 4], zesta-punta gehiagoz gozatzeko aukera egongo da Miruaitzen. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, III. Berdel Txapelketako hainbat partiden ordutegiek Euskal ligako beste batzuekin bat egiten dute, hori dela eta, egutegia zer edo zer moldatu egin behar izan dute. 19:00etatik aurrera ikusi ahal izango da bigarren final-laurdena. “Iragarrita zeuden hiru partiduen ordez bi jokatuko dira”.
Zehazki, bigarren mailako bi partida ikusi ahal izango dira doan. Lehendabizi, Arrasate-Atain eta Gonzalo-Cabanillas bikoteen artekoa ikusteko aukera egongo da, eta ondoren, EgaƱa-Paul eta Zelaia-Undaren artekoa. Sarrera doakoa dela gogorarazi dute antolatzaileek, eta zale guztiak pilotalekura gonbidatu dituzte.