Lau urte borrokan daramatzela ospatu dute pentsiodunek Ondarroan
Ohorezko aurreskuagaz eta kantu herrikoiekin girotu dute asteroko elkarretaratzea. Lan, pentsio eta bizitza duinen alde borrokan jarraitzeko deia egin dute.
Zapatuan [otsailak 26] lau urte bete ziren Ondarroako Alamedako pentsiodunak astelehenero antolatzen hasi zirenetik. Eta, horren harira, gaur [otsailak 28] eguerdiko elkarretaratzea oraindik ere era bereziagoan ospatu nahi izan dute astero-astero euren eskubideen alde Alamedan batzen diren guztiekin batera.
Pankarta 12:00ak puntuan zabaldu dute, eta handik minutu gutxira Eñaut Markes dantzariak ohorezko aurreskua eskaini dei han batutakoei, Jobi Alkorta txistulariak lagunduta. Kantaize abesbatzakoen txanda ailegatu da gero. Txoria txori, Isil isilik, Geure herritar maitea, Langostatan eta Ni naiz emakume bat kantu herrikoiak abestu dituzte, lau urteotako ibilbidea gogoratzeko. Dena borobiltzeko, Pentsionistak aurrera ere abestu dute; gaurko mobilizazioan parte hartu zuten 215 lagunen eskariz, astero abestuko dute kantua. “Ekitaldia Pili Larrañagak berak asmatutako eta abestutako bertso bategaz amaitu dugu”.
Elkarretaratzeak, ohi modura, hogei minutu iraun ditu, eta ostean Alamedako Pentsiodunen elkarteko bozeramaileak hartu du hitza. Esan duenez, lau urte igaro badira ere, hasierako aldarrikapanei eusten diete. Are gehiago, “asteroko elkarretaratzeei esker” zenbait eskakizun lortu badira ere, oraindik ere asko dagoela lortzeko azpimarratu dute. “KPIaren kontuak asko kezkatzen gaitu; eros ahalmena 3 puntu lapurtu digute. Astero-astero modura, lan, pentsio eta bizitza duinen alde borrokan jarraitzeko deia egiten dugu; eskakizun hori eta beste hainbat lortu arte borrokan jarraituko dugu”.