Sarai Robles: "Berriatuko eta Ondarroako jendea oso eskuzabala iruditu zait"
Sortzaile baraƱaindarrak 'Etxe ikusezina' ipuina garatu du Berriatuan eta Ondarroan, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekari esker. Emaitza jasotzen duen 'Hamazazpigarrenean aidanez' liburua eguaztenean [martxoak 2] 18:00etan aurkeztuko du Berriatuko bideo gelan.
Zer nolako aurkezpena izango da Berriatuakoa?
Aurkezpen soil bat izango da. Lehendabizi, proiektua zer izan den eta Geuretik Sortuak dinamika zer den azalduko du Lide Hernando Udalbiltzako kultur teknikariak. Ni, ostera, Berriatuan eta Ondarroan egindako egonaldiari buruz ariko naiz.
Sortzaile batek baino gehiagok parte hartu duze Hamazazpigarrenez aidanez lanean, ezta?
Geuretik Sortuaken hainbat arte diziplina batu dira. Zinemagintza, antzerkigintza eta literatura zeuden, eta azken honetan, haina zuzen, hamasei sortzaile ginen. Bakoitzak sormen lan bat burutu du, eta azkenean erabaki dute bi liburutan banatuta kaleratzea lana. Nire ipuina, zehazki, bigarren liburuan dago.
Forma eta estiloari dagokionez, aniztasuna da nagusi, ezta?
Bai, hori da. Ipuinez gain, badago komiki bat, ipuin ilustraturen bat eta poesia lanak ere bai.
“Guretik Sortuaken, hain justu, sortze prozesua da balioan jartzen dena”
Egitasmoan parte hartu duten 26 artista horien artean hautatua izatea zelakoa izan da?
Oso zorionekoa sentitu nintzen, bai aukeratua izan nintzenean eta bai programa bera gauzatzen ari zenean ere. Egia esan, ongi pentsatutako programa bat dela iruditzen zait, eta asmatu dutela formatuan eta moduetan. Literaturan, bereziki behintzat, eta beste arte alorretan ere hala izan dela imajinatzen dut, behin bukatuta dagoen lan horren emaitza da saritzen dena. Guretik Sortuaken, hain justu, sortze prozesua da balioan jartzen dena, eta sortzen prozesuan jartzen da arreta. Baliabideak eta lizentzia pila bat eman dizkigute. Baldintza bakarra egonaldi bat egitea zen, eta egonaldia egindako herriarekin lotura eduki behar zuela lanak, baina lotura hori ere zelakoa izan behar zen ere geuek erabaki genezakeen.
Zelan joan da sortze prozesua?
Aurretik hasiera eta bukaera nuen zehaztuta bakarrik, baina pertsonaiak eta tarteko hori guztiori Berriatuan eta Ondarroan egindako egonaldi artistikoan pentsatu eta osatu nituen.
Noiz egin zenuen egonaldia?
Hiru asterainoko egonaldi artistiko bat egin ahal genuen. Eta nik bi zatitan banatuta egin nuen: maiatzean astebeteko egonaldia egin nuen eta ekainean beste bi astez itzuli nintzen. Lo Ondarroan egiten nuen baina egunak Berriatuan eta Ondarroan ematen nituen.
Esperientzia horretatik bereziki zerbaitek txunditu zaitu?
Berriatuko eta Ondarroako jendea oso eskuzabala iruditu zait; laguntzeko prest ikusi ditut beti. Jende oso ezberdinagaz elkartu nintzen, eta denak oso eskuzabalak izan ziren kontatu eta erakutsi zizkidaten gauzetan.
“Memoriari buruzko ipuin bat da, ni behintzat hori egiten saiatu naiz”
Zertan inspiratu zara?
Ezagutu dudan jendearengan, batez ere. Baina argi laga nahi dut, ezagutu ditudan pertsonak ez ditudala sartu ipuinean. Saiatu naizena da herriotan dauden dinamikak ulertzen, eta bertan ikusi ditudan gauzak gero, pertsonaietan gorpuztu ditut. Bertako paisaiak ere agertzen dira ipuinean. Uste dut oso gauza bisualak daudela, eta hori %100ean herrietan inspiratutakoa eta herrietatik hartutako irudiak dira.
Etxe ikusezina zure lanari buruz zer aurreratu dezakezu?
Memoriari buruzko ipuin bat da, ni behintzat hori egiten saiatu naiz. Alde batetik, memoriala indibiduala lantzen da. Istoria Amets izeneko pertsonaiagaz hasten da. Lea-Artibaira bueltatzen da, bere gurasoak memoria galtzen ari direnaren susmoa daukalako. Eta behin herrira itzultzen denean ohartzen da berak gogoratzen zuena zenbateraino aldatu den; eta hori guztia zenbateraino den egia ala gezurra. Hor saiatu naiz ere memoria kolektiboagaz lotura duten elementuak sartzen, eta herrietako memoriaren pasarte batzuk sartzen.