Galdutako katuen eta txakurren mantenua kobratuko zaie jabeei Debabarrenan
Ordenantza berriaren arabera, zerbitzua erabiltzen duten herritarrek 50 euro ordaindu beharko dituzte bide publikoan lagatako animalia jasotzeagatik eta beste 12 euro, Animalien Ongizaterako Zentroan harrera egiten dieten egun bakoitzeko.
Debabarrenako Mankomunitateak eskualdeko bide publikoetan dauden animaliak jasotzeko zerbitzua eskaintzen du, eta horiek Eibarko Animalien Ongizaterako Zentroan artatzen dituzte. Orain, ordea, zerbitzu horiek eskaintzearen tasa arautzen duen ordenantza onartu du Mankomunitateak, kalean galduta jasotzen dituzten txakurren eta katuen jabeek ordaindu beharreko tasak zehaztuz.
Esan dutenez, Animalien Ongizaterako Zentrora eramaten dituzten animalien txosten bat betetzen dute jasotako kokapena eta udalerria, data, espeziea, arraza, sexua eta identifikazio zenbakia zehaztuz eta osasun ebaluazioarekin eta albaitariaren sinadurarekin. “Jasotako txakurrei eta katuei albaitaritza eta etologia tratamenduak ematen zaizkie zentrora ailegatzean, eta ahalik-eta lasterren jakinarazten zaio jabeari animalia zentroko instalazioetan dagoela”. Identifikatuta ez dauden animalien kasuan, berriz, zentrora sartzean identifikazio zenbaki bat ezartzen diete.
Animaliak zentroan dauden bitartean, horien “baldintza egokiak bermatzen” direla gaineratu dute. Besteak beste, elikagaiak eta ura ematen dizkiete egunero, instalazioen garbiketa eta desinfekzioa egiten dute, “baldintza higieniko eta sanitario egokiak mantentzeko”, txakurrekin paseoak, albaitaritza zerbitzua eskaini eta gaixo edo zaurituta dauden animaliei arreta berezia ere ematen diete.
Jabea agertzen bada, animaliaren egoerari buruzko informazioa emango zaio eta, jabea dela frogatzen duenean, ordenantzan araututako tasa oraindu beharko du, animalia itzuli aurretik. Zehaztu dutenez, jabeek hilabete bateko epea edukiko dute agertzeko. “Epe horretan jaberik agertzen ez bada, animalia adopzio programan sartuko da, eta bere informazioa Mankomunitatearen webgunean argitaratuko da”.