Jagoba Arrasate: "Seinale oso ona da leku berean hainbeste partida pilatzea"
Berrituarrak 100 partida bete ditu lehen mailan Osasunagaz. Atzera begira, igarotako denboraren inguruan hausnartu du.
Berriatuan eman zenituen zure lehen pausoak. Zer oroitzapen dituzu?
Lehenengo esperientzia oso polita izan zen nire bizitzako bi bokazio handienentzat: irakaskuntza eta futbola. Gaur egun, gustuko duzun lanetik bizitzea pribilegio hutsa da. Futbolean, jokalari moduan, Berrituako FT taldean hasi nintzen lagun artean, eta gero, Eibar, Amorebieta eta beste zenbait taldetan aritu nintzen, eta gaur egun arte. Prozesu guzti horretako bideaz asko gozatu dut.
100 partida bete dituzu Osasunagaz lehen mailan.
Denbora oso arin pasatzen da [barrezka], ez dira egunero 100 partida betetzen lehen mailan eta beste 50 bigarrenean. Atzo izan zela ematen du Taxoarrera heldu ginen lehen eguna, eta orain 100 norgehiagoken langa hori pasa dugu. Seinale oso ona da leku berean hainbeste partida pilatzea, lau urte egotea, badakigulako zelakoa den gaur egun futbola, eta ez da batere erraza denbora luzaroan egotea talde baten.
Europako bost liga nagusietatik (Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Alemania eta Italia), aulkian denbora gehien daraman zortzigarren entrenatzailea zara. Lau urte horietatik une bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Egunerokotasunaz gozatzen dudan entrenatzailea naiz. Osasuna eta Iruña toki oso bereziak dira niretzat, nire familia eta ni oso eroso gaude. Une bakar bategaz geratu behar banintz, lehen urtea izango litzateke, lehen mailara igo ginen urteagaz. Sadarren oso giro polita bizi izan genuen denboraldi osoan, eta behin igoera lortuta, ospakizunak oso bereziak izan ziren Iruñeko kaleetan. Lehen mailan poztasun uneak egoten dira, baina baita kolpeak eta atsekabeak ere, azkenean sufrimendu asko dago. Zorionez, urtez urte helburuak betetzen goaz. Lau urteak izan dira onak, baina igoerako lehen urtea izan da bereziena.
Sailkapeneko 11. postuan zaudete, 32 puntugaz, jaitsiera postuetatik 11 puntura.
Denboraldi hasieratik oso argi daukagu gure helburu nagusia beste urte batez lehen mailan mantentzea dela, horrek suposatzen duen denagatik. Klubak ekonomikoki eta sozialki hazten jarraitu behar du. Momentu honetan helburua hurrean daukagu, baina ez dago lortuta. Jakitun gara lehen mailan gorabehera handiko dinamikak egoten direla, guk lehen pertsonan bizi izan ditugu horietako asko. Horregatik, belarriak tente izan behar ditugu, orain arteko bidetik jarraitu nahi dugu, eta egun esaten den moduan, partidaz partida joan.
Hobeto zabiltzate Sadarretik urrun etxean baino.
Egoera nahikoa bitxia da, egia esan. Etxetik kanpo inoizko emaitzarik onenak lortzen ari gara sei garaipenekin, eta oso eroso jokatzen ari da taldea, arrisku gehiago hartzen ditugu eta min egiteko espazio gehiago aurkitzen ditugu. Etxean, berriz, bi garaipen eskuratu ditugu bakarrik. Gainera, betidanik Sadar zelai oso gaitza da irabazteko, aurkari denek errepikatzen duten esaldi bat da. Oso zale fidelak ditugu, asko animatzen dutenak, baina aurten bi garaipen bakarrik eskaini ahal izan dizkiegu. Oraindik bigarren itzulian partida asko izango ditugu etxean, eta zenbaki horrek apaindu nahi ditugu, gure zaletuei orain arte baino poz gehiago eman.
Luzerako egongo ote da Jagoba Arrasate Osasunan?
Asko gustatuko litzaidake Iruñean ibilbide luze bat osatzea, baina ez dut horretan askorik pentsatzen. Futbolean orainaldiak bakarrik balio du. Oso eroso nago, eta egia da urte askotan geratzea gustatuko litzaidakela. Ez da obsesionatzen nauen zerbait, nahiago dut egunerokotasunagaz gozatu.