Ager Solabarrieta: "Selekzioaren babespean joateko aukera edukiko dut estreinako"
Tiratzaile olinpikoak Europako Txapelketa lehiatu du datorren astean. Parte hartuko duen bi diziplenetan finalean sartzeko aukerekin ikusten du bere burua, eta horretan ahaleginduko da.
Egun gutxi barru lehiatuko duzu txapelketa, urduri zaude?
Bai, noski. Hemen, nahi izanez gero ere, beti antzerako aurkarien aurka aritzen gara. Denok elkar ezagutzen dugu. Europa mailan, ostera, aurkariak ez dakizu zer mailatan dabiltzan, baina nire mailan ibiltzen banaiz, gauza polita lortzeko aukera dudala iruditzen zait. Gaur egun, munduko lehen hamar tiratzaile onenen artean nago, eta nire helburua da finalean sartzea.
Ze kategoriatan parte hartuko duzu?
Ohi modura, zutikako (SHVIS) eta etzandako (SHVIP) kategorietan parte hartuko dut. Zutikako txapelketa hilaren 15ean lehiatu dut eta hilaren 17an, etzandakoan ariko naiz.
Txapelketara begira, zelan sentitzen zara?
Fisikoki zein teknikoki sasoirik onenean noala iruditzen zait. Etxeko lanak ondo eginda noa.
Aurkarien berri baduzu?
Zer edo zer ibili naiz kuxkuxeatzen. Interneten nazioarte mailako tiratzaileek argitaratzen dituzten berriak adi-adi jarraitzen ditut, baina askok ez dute puntuazioaren berri ematen, beraz, ez dut datu zehatz askorik. Aurkaririk nagusiena Barbara Moskal poloniarra da izango dela iruditzen zait. Goi mailan dabil, nire antzera. Zutikako kategorian ni baino marka hobeak lortzen ari da, nire markarik onena baino 4 puntu gehiago lortu ditu azkenaldian eta etzandakoan, ostera, ni hobeto nabil; 18 puntu goitik nabil.
“Azaroan Munduko Txapelketa lehiatuko da Arabiar Emirerri Batuetan, eta han parte hartzeko asmoa daukat”
Etzandako kategorian zeurea da munduko errekorra. 2019an 610,9 puntu lortu zenituen. Horrek ez dizu presiorik eragiten?
Lehen, presioa sortzen zidan, baina orain ez. Duela hiru urte ezarritako errekor horren gainetik nabil aspaldian, eta alde horrek ez nau kezkatzen. Azkenengo txapelketan 618 puntu lortu nituen eta aurrerago lehiatutako batean, 619. Europako txapelketan baliteke hango presioagaz nire mailan ez ibiltzea, baina entrenamenduetan eta bestelako txapelketetan ondo nabil, eta horrek konfiantza handia ematen dit.
Emaitza ona lortuz gero, beste txapelketa batean parte hartzeko aukera edukiko zenuke?
Ofizialki, ez. Azaroan Munduko Txapelketa lehiatuko da Arabiar Emirerri Batuetan, eta han parte hartzeko asmoa daukat. Europako Txapelketan emaitza onak lortuz gero, federazioaren babesa eta bultzada izatea espero dut, bestelakoan, mundu mailako txapelketan parte hartzeko bidaia eta izen ematea nire kontura ordaintzeko asmoa daukat. Aurrekoan Australian lehiatu zen Munduko Txapelketan ezin izan nuen parte hartu, eta aurtengoan bai edo bai parte hartzeko asmoa daukat.
2015ean hasi zinen nazioarteko txapelketetan parte hartzen. Ordutik hona, zer aldatu da?
Sasoi hartan nire kontura hasi nintzen ahal nuen txapelketa guztietara joatean, baina, oraingoan, Espainiako Selekzioaren babespean joateko aukera edukiko dut estreinako. Ez da nik nahi nuen besteko azkar gauzatu, baina aukera hori edukitzea sekulako aurrerapausoa dela iruditzen zait. Berri pozgarria da. Kirol ibilbidea hasi nuenean ez nuen pentsatu ere egiten hain urruti ailegatzeko aukerarik edukiko nuenik. Sasoi hartan nire helburua noizbait Espainiako Txapelketa irabaztera ailegatzea zen, eta begiratu noraino ailegatzeko aukera eduki dudan.
“Laguntzaile barik ezingo nuke egiten dudana egin, oso eginkizun garrantzitsua betetzen du”
Carlos Moran hautatzailearen deia, espero zenuen deia izan zen, ezta?
2020an ere Espainiako Selekzioagaz txapelketa jokatzeko hautatuta nengoen, baita 2021ean ere, eta esperotako deia izan da. Espainia mailan, aurkarien aldean, emaitza hobeak lortu ditut, eta ez deitzeko zerbait larria gertatu behar zen. Hautaketa hau, egia esan, hainbat urtetako lanaren emaitza da; hau ez da kasualitatea. Behar asko egin behar izan dut, eta sakrifizio ugari egin ditugu bikoteak eta biok. Kirol ibilbidean momentu txarrak eta onak ere bizi izan ditut, eta egoera horietatik guztietatik ikasteko ere baliatu dut denbora; Europako Txapelketan era ofizialean parte hartzeko aukera hau sari modura ikusten dut.
Txapelketara joateko hautatuak hiru izan zarete. Zeintzuk dira beste biak?
Miguel Rodriguez Trias nafarra eta Sonia Rivero Fernandez malagarra. Eurek ere, nire moduan, zutikako eta etzandako kategorietan botako dute. Aspalditik elkar ezagutzen dugu, eta harreman oso ona daukagu.
Tiro zeuk bakarrik egiten duzu, baina laguntzaileak ere eginkizun garrantzitsua betetzen du horretan guztian, ezta?
Laguntzaile barik ezingo nuke egiten dudana egin, oso eginkizun garrantzitsua betetzen du. Berak ipintzen nau jomugara begira, berak laguntzen dit erdiratuta ipintzen, bera joaten da abisatzen zer ari naizen eta ez nagoen egiten. Orain, gainera, opakuak diren betaurreko berezi batzuekin tiro egin behar dugu, eta lehen berez gutxi eta txarto ikusten banuen, orain ez dut ezer ikusten, eta alboko jomugara apuntatzeko aukera ere badago, hori dela eta, atzean ipinita uneoro egiten dudana hurbiletik jarraitu beharra edukitzen du. Azken finean, tandem oso ona osatzen dugu, eta emaitzak bion lorpenak dira. Ia egunero entrenatzen dugu elkarrekin, eta sekulako ahalegina eta sakrifizioa egiten du emazteak, lanetik kanpoko orduetan neugaz batera entrenatzera etortzeko; oso eskertuta nago, eta zorionekoa sentitzen naiz, Maite nigatik eta niretzako beti ondoan dudalako.
“Hau guztia lan askoren fruitua da. Sakrifizio asko egin behar izan ditugu, baina merezi du, gero emaitzak hor daudelako”
Maite eta bion arteko konplizitatea, hortaz, behar-beharrezkoa da.
Zenbat eta harreman hobea eduki laguntzaileak eta tiratzaileak, hobeto joatean da dena, hori argi daukat. Gure diziplinan ezin dugu berbarik egin, araudiak hori dio. Keinu edo ukituen bitartez komunikatu gaitezke bakarrik, eta zenbat denbora falta den, zelan noan eta datu horiek guztiak, modu horretara komunikatu daitezke. Laguntzaileagaz harreman onik ez baldin badaukazu, nekez lortuko da elkar ulertze hori. Maitek eta biok elkar ondo ezagutzen dugu, konfiantza handia daukagu, eta nire aurpegia edo keinuak ikusita, uneoro badaki zer behar dudan.
Bi diziplinatan parte hartuko duzu. Bietan emaitza bikainak lortu izan dituzu, baina bietatik zein nahiago duzu?
Niri neuri zutikakoa gustatzen zait gehien, benetakoagoa dela iruditzen zait; etzandakoan besoa lurrean ipinita euskarri bat daukagu, baina hemen ez. Norbere gorputza da euskarria hemen, diziplina modura ere zailagoa da, eta emaitzak ere horregatik izaten dira apalagoak.
Emaitzei dagokienez, azken urteak borobilak izan dira. Zelako balorazioa egingo zenuke?
Kirol ibilbideko urterik eskasena 2015a izan zen; karabina aldatu nuen, eta emaitzak oso eskasak izan ziren. Bolada txarra igarotzea egokitu zitzaidan, baina horri guztiari aurre egin, eta orain nagoen mailara ailegatzea lortu dut. Handik aurrera txapelketa bat baino gehiago irabazteko aukera eduki dut. Espainiako txapelketa guztietan lehen postuan ez bada, podiumean egoteko aukera eduki dut. Hau guztia lan askoren fruitua da. Sakrifizio asko egin behar izan ditugu, baina merezi du, gero emaitzak hor daudelako.