Laguntzaz beteriko bi furgoneta bidaliko dituzte Lekeitiotik Ukrainako errefuxiatuentzat
Martin Gerenabarrena, Bingen Zumajo eta Soraya, Alex eta Yolanda Casco martitzenean [martxoak 15] irtengo dira Lekeitiotik Poloniarantz itzulerako egunik barik.
Martin Gerenabarrenari Poloniara bidaiatzeko ideia furgonetako irratian Ukrainako albisteak entzuten zituela otu zitzaion, eta etxera heldu bezain laster Soraya Casco emazteagaz hitz egin zuen: “Beti laguntza eskaini behar dugula diogu, eta orain da momentua”. Hasiera batean bikoteak bakarrik joan nahi zuen, baina asmo ezberdinekin. Helburua Ukrainako egoera lehenengo pertsonan ikustea zen, batez ere beharrizanak ikusteko, gero, behin etxera helduta, laguntza bideratzeko modurik onena aurkitzeko.
Familiari haien asmoen berri ematerakoan, Alex Casco koinatua eta Yolanda Casco koinata batu ziren. Horrelako ekintza bat egiten zuten lehen aldia zenez, Gerenabarrenari Bingen Zumajo bere lankide suhiltzaileari laguntza eskatzea otu zitzaion: “Ez nuen zalantzarik izan, aholkuak emateko pertsonarik onena zen, esperientzia dauka Bosniako Gerran bi konboitan egon baitzen”. Erantzuna, berriz, bestelakoa izan zen. Zumajo ere batu zitzaien.
“Beti laguntza eskaini behar dugula diogu, eta orain da momentua”
Eraberrituta domekan hasi ziren antolakuntzagaz. “Ibon Goitia ikastolako zuzendariagaz hitz egin genuen ikasleen gurasoen artean lehengaiak eskatzeko. Horrez gain, ukrainar errefuxiatuak etortzekotan, ikastolak jantokia eta logelak egokitzeko prestutasuna erakutsi zuen”. Astelehenean Lekeitioko Bihotz Zabal elkarteagaz harremanetan jarri ziren eta familiaren bitartez elkarteak bildutako material denak bidaltzea adostu zuten.
Zumajo Bilboko suhiltzaileen zuzendariagaz jarri da harremanetan furgoneta handi baten eskaria bideratzeko. Erantzunaren zain daude. Gaur irteteko ideia zuten, baina itxaron egingo dute, eta martitzenean joan nahi dute Poloniarantza.
“Partikularrak gara, ez gara elkarte bat, eta horregatik, dei asko egin behar izan ditugu, eta ezezko asko jaso”
Lehengaiez beteta eramango dituzte bi furgoneta Ukrainatik irteten dauden errefuxiatuentzat. Itzulera egunik ez duen bidaia da: “Ez dakigu zer aurkituko dugun”. Haien kabuz egindako ekintza da, eta horrek asko zailtzen ari da haien lana: “Partikularrak gara, ez gara elkarte bat, eta horregatik, dei asko egin behar izan ditugu, eta ezezko asko jaso”. Azkenean, Durangoko Txernobileko elkarteagaz jarri ziren harremanetan, tramite hauek hobeto bideratzeko.
Hamabi ukrainar ekarriko dituzte, bakoitza herrialdeko toki baten dago, beraz, banan banan joan beharko dira batzen. Behin itzultzen direnean familietara bideratuko dituzte errefuxiatuak. Durangoko elkarteko senideek hartuko dituzte errefuxiatuetako asko, bestela Lekeitioko ikastolak gelak eta jantokia jarri ditu eskuragarri.
Egun batetik bestera antolatutako urgentziazko ekimena izan da, bihotzekoa. Burua ere erabili nahi dute, eta lanean hasi dira dagoeneko. Martin Gerenabarrena eta Bingen Zumajo Euskotrenekin jarri dira harremanetan maiatzean bi autobus bidaltzeko Ukrainara.
Diru laguntzak. Antolatzaileak kafe bat hartzen zeundela emakume batek diru laguntza eman nahi zuela esan zien. “Hori gutxi ez, eta eskakizuna ezagunen artean zabaldu zuela esan zigun. Ekimen pertsonal bat zena guztiz herritarra bilakatu da. Izugarria izan da lekeitiarren jarrera solidarioa eta esku zabaltasuna. Oso hunkituta gaude erantzunarengatik, esker onez beteta, denei eskerrak eman nahi dizkiegu”. Lekeitioko eskolako publikoko guraso elkartearen bidez bideratu dituzte diru laguntzak: (ES92 2100 39382102 00072721).
Lekeitioko Udala ere ez da atzean geratu eta diru laguntzak egiteko bidea zabaldu du Caritas eta Gurutze Gorriagaz batera. Zapatua [martxoak 12] eta domeka [martxoak 13] 11:00etatik 14:00etara batuko dute dirua udaletxe aurrean eta astelehenetik barikura 9:00etatik 14:00etara harreran. Laguntza “eraginkorrena” diru donazioak direla adierazi du udalak.