Metrokoadroka Sormen Laborategiak 'Bidaide' antzezlana taularatuko du Ondarroan
Idoia Beratarbidek eta Iraia Eliasek zuzuendutako lana martxoaren 19an, 20:00etan, eskainiko dute Zubi Zahar herri ikastolako aretoan.
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuan parte hartu du Ondarroako Udalak, eta bide horretatik, ekimenaren baitan garatu den Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da herrian. Sarrera doakoa da, baina gonbidapenak zozketa bidez banatuko ditu udalak. 14 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute zozketan, eta bertan parte hartu nahi dutenek turismo bulegoan izena eman behar dute. “Sarrerak zozkatzerakoan lehentasuna edukiko dute Sexberdinak aurreko antzerkia joan ez ziren herritarrek”.
Zozketan parte hartzeko hiru egun zehaztu dituzte: zapatua [martxoak 12], domeka [martxoak 13] eta martitzena [martxoak 15], 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Azpimarratu dutenez, pertsonako, gehienez, bi sarrera eskuratu ahal izango dira. Saridunen izenak eguaztenenean [martxoak 16] jakinaraziko dituzte. “Saridunek ez dute turismo bulegora sarrerak jasotzera joan beharrik edukiko; 19:45ean zabalduko dituzte aretoko ateak”.