Irisgarritasun plana osatzeko inkesta zabaldu du Ondarroako Udalak
Internet bidez betetzeko hiru galdetegi prestatu dituzte. Inkesta betetzeko eperik ez dute ezarri.
Udala irisgarritasun plana eguneratzeko lanetan hasita dago, eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela iritzita, galdeketa bat zabaldu dute. “Herritarren ezagutza aberatsa baliatuko nahiko genuke, herrian dauden irisgarritasun arazoak diagnostikatzeko eta konponbideak proposatzeko”. Azpimarratu duten ahalik eta herritar gehienen iritzia ezagutu nahi dutela “emaitza erreal eta onena” lortzeko.
Herriko edozein auzotan bizi direnek parte hartu ahal izango dute galdeketan. Zehazki, Internet bidez betetzeko hiru galdetegi prestatu dituzte, udalerriko espazio eta ekipamendu publikoen irisgarritasun maila diagnostikatu eta arazo larrienen zerrenda osatzeko: bata, espazio publikoei buruzkoa, bestea, udal eraikinei buruzkoa eta, hirugarrena, garraio azpiegiturei buruzkoa.
Inkesta betetzeko eperik ez dute ezarri, eta gaineratu dutenez, galdetegi bakoitza nahi beste bidar bete daiteke. Zehaztu dutenez, galdetegi bakoitzean leku bati buruzko ekarpenak egiteko aukera dago, eta beste leku bati buruzkoa egin nahi izanez gero, beste inkesta bat bete beharko da. “Galdetegien helburua da, genero ikuspegitik abiatuz eta eguneroko bizitza eta zainketak kontuan hartuta, herriko irisgarritasun gabeziak jasotzea”.
Inkesta erantzun:
- Espazio publikoei buruzko galdetegia
- Udal eraikinei buruzko galdetegia
- Garraio azpiegiturei buruzko galdetegia