Ukrainarako elikagaiak, arropak eta botikak batuko dituzte Ondarroan
Bi gunetan egingo dute bilketa. Gaztelekuan, astelehenetik [martxoak 14] barikura [martxoak 18] egingo dute bilketa; 16:30etik eta 20:30era. Eta Zubi Zahar herri ikastolan, astelehenetik [martxoak 14] eguenera [martxoak 17] egingo dute bilketa.
Bilketa udal aniztasun batzordeak antolatu du, herritar batzuen eskariz. “Herritar bat baino gehiago hurreratu da udaletxera herritik Ukrainara laguntza bidaltzeko asmoagaz, eta euren eskariei erantzunez, udalak proiektu hau abiarazi du”. Pedro Lasarte Iparragirre aniztasun zinegotziak herritarren ekimena eskertu du, eta laguntzeko prozesua zelakoa izango den azaldu du. “Astelehenetik barikura, elikagaik, arropak eta botikak batuko ditugu Gaztelekuan. Material hori, gero, behar bezala antolatu, eta Donostiara eramango dugu, bertatik gainerako bilketetan batutakoagaz batera Ukrainara eramateko”.
Lasartek bilketan parte hartzera deitu ditu herritarrak. “Ondarroako herria elkartasunez eta begirunez beteteko herria da, eta seguru nago oraingoan ere horrela izango dela. Gu ere halako egoera gogor batean egongo bagina laguntza jasotzea gustatuko litzaiguke. Jokatu dezagun elkartasunez, bakoitzak ahal duen heinean“.
Boluntario bila. Gaztelekuan bertan bilketan lanetan eta ekarritako materiala prestatzeko lanetan laguntzeko boluntarioak behar dituztela esan dute. Laguntzeko prest dauden herritarrek komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora idatzi behar dute. “Bakoitzak ahal duenean eta ahal duen ordutegian lagundu dezake”.
BATUKO DITUZTEN MATERIALAK
- Egoera onean dagoen arropa termikoa: eskularruak, galtzerdiak, termikoak, bufandak, txanoak, polarrak, galtza elastikoak, lumatxak eta anorakak.
- Botikak: lehen sorospenetarako botikinak, bendak, gazak, esparatrapuak, benda autoitsaskorrak, txaplata oftalmologikoak, aposituak eta antiseptiko lokalak (klorhexidina, Betadine eta ur oxigenatua).
- Higiene pertsonala. Toallatxo hezeak, paperezko mukizapiak, emakumeen higienerako produktuak, pixoihalak, xaboi pilulak, mantak, eskuoihalak eta izarak.
- Elikagaiak. Iraungitzen ez diren elikagaiak (ahal bada latan, eta ez beirazko ontzietan), kontserbak, berehala prestatzeko saldak, arroza, pasta, azukrea, kafea, tea, esne hautsa, barra energetikoak eta fruitu lehorrak ontzi hermetikoetan.
- Bestelakoak. Linternak, termoak, kantinplorak, lo zakuak, su txikiak, motxilak, bateria eramangarriak, AA eta AAA pilak, zabor poltsak, zinta itsaskor amerikarra eta babes betaurrekoak.