Txapelak banatu dituzte Berriatuko nesken IV. zesta-punta txapelketan
Hirugarren mailan Ane-Maia, bigarrengoan Miren-Frida eta lehenengoan Erika-Arai bikoteak izan dira nagusi. Zapatuan [martxoak 12] jokatu ziren finalak Mendibarren frontoian.
Zapatuan [martxoak 12] jokatu ziren Berriatuko nesken IV. Zesta-puntako finalak eta Ane-Amaia, Miren-Frida eta Erika-Arai irabazi zuten txapela maila bakoitzean. Antolatzaileek txapelketaren balantze “oso positiboa” egin dute eta datorren urtean “errepikatzeko” intentzio argiak adierazi dituzte. “Antolaketaren inguruan zorionak eta eskerrak bakarrik jaso ditugu”. Zapatuan, gainera, Berriatuko Mendibarren frontoian “giro bikaina” egon zela nabarmendu dute, “aurreikusitakoa baino gehiago”.
Jaialdia 17:30ean hasi zen, hirugarren mailako finalean Ane (Mutriku)-Maia(Berriatua) eta Irati (Andoain)-Alize (Markina-Xemein) egon ziren aurrez aurre. Partida ezin izan zen berdinduagoa izan, gogotik lan egin behar izan zuten lau puntistek tantoak irabazteko, urrea balio zuen bakoitzak. Azkenean, mutrikuarra eta berrituarra tanto bakar batengatik nagusitu ziren: 25-24.
Lur (Markina-Xemein) eta Oaia (Mutriku) bikoteak zuzenean lortu zuen bigarren mailarako finalerako txartela Iparraldeko aurkariak ez aurkeztu ostean. Mirenek (Markina-Xemein) eta Fridak (Zumaia) 25-16 irabazi zieten Janis eta Burne bikote markina-xemeindarrari finalerdietan. Atseden hartzeko izan zuten denbora ez zuten nahi bezala baliatu Lur-Oaia bikoteak, eta Mirenek eta Fridak joko hobea erakutsi eta 25-20ko emaitzarekin hartu zituzten mendean markina-xemeindarra eta mutrikuarra.
Azkenik, lehen mailako final handia jokatu zen. Txapelketa oso berdindua izan da; finalaurrekoetan, esate baterako, 25-22 irabazi zuten Erika eta Arai markina-xemeindarrek, eta 24-25koarekin Ihartek (Berriatua) eta Naiak (Berriatua). Aurreko lehia denak ikusita, final berdindua espero zen, baita horrela izan ere. Maila oso altuko finala eskaini zuten lau puntistek, jokaldi bikainak eskainiz aurreko zein atzeko koadroetan. Azkenean, Erika eta Arai markina-xemeindarrek finalerdietako emaitza errepikatu zuten Ihart eta Naia bikote berrituarrari 25-22 nagusituz.