Espeleologia erakusketa, hitzadia eta irteera antolatu dituzte, Etxebarrian
Antsotegi hotelaren eta ADES espeleologia elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da.
Bi entitateek egitarau oparoa antolatu dute astebururako. Ekintzen egoitza nagusia Etxebarriko Antsotegi hotela izango da, Altza auzoa 15ean.
Barikuan hasiko dituzte ekimenak erakusketaren ateak irekiz. ADES espeleologia elkarteak eta Antsotegi hotelak apirilaren 27a arte luzatuko dute erakusketa. Bertan, irteeretan erabiltzen dituzten materialez gain, elkartearen nondik norakoak azaltzen dituzten informazio orriak egongo dira eskuragarri. Horrez gain, ADESen ibilbide luzean zehar Urdaibaiko eta Lea-Artibaiko hamaika tokitan egindako aurkikuntzen inguruko datuak jarriko dituzte.
Asteburuari hasiera emateko, Oier Gorosabel elkarteko kide eta espeleologia adituak Lea-Artibai eskualdeko haitzuloen inguruan hitz egingo du, eta azken urteetan egin diren aurkikuntza handiei buruz ere jardungo du. Askotarikoak izan dira egin dituzten aurkikuntzak, gerra karlistakoetako aztarnetatik hainbat eskeleto aurkitu arte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaileek espeleologiaren inguruko liburu bat jasoko dute doan.
Domekan [martxoak 20] Antsotegi hoteletik irtengo dira Lekeitiora bidean. 10:00etan jarri dute hitzordua Zubiburun. Bertako haitzulorako irteera antolatu dute, osasun eta segurtasun neurriak betetzeko toki mugatuak egongo direla baieztatu dute. Irteerak bi orduko iraupena izango du eta borondatearen trukekoa izango da, jasotako dirua ADES espeleologia elkartearentzat izango baita.
Izena emateko epea aste honetan amaituko da, barikua baino lehen, esan dutenez. Antolatzaileek bi bide zabaldu dituzte. Alde batetik, 608 92 29 37 telefonoaren bidez, eta beste alde batetik, info@leaktibai.eus posta elektronikoan.
Ia mende laurden. ADES espeleologia elkartea 1978an sortu zen Gernika-Lumon. ADES Asociación Deportiva Espeleológica Saguzarrak siglen laburdura da. Haien esplorazio eremu nagusia Urdaibai eta Lea Artibai eskualdeak dira, baina beste zenbait zonaldetan ere lanak egin izan dituzte, Mieran (Kantabria), Aramotzen (Durangaldea) edo Mandoian (Arratia), besteak beste. “Eremu hauetan karsta esploratzen, ikertzen eta jagoten aritzen gara”
24 urte luzeetan ADESeko kideek eginiko zenbait aurkikuntzak sona handia izan dute, labar-arte aztarnategiak bereziki: Morgota, Ondaro, Atxurra edota Armintxe, esate baterako. Hala ere, elkartearen ikerketa esparrua “karstaren zientzia guztiak” direla azpimarratu dute.
Horrela, prospekzio eta esplorazioetan datu bilketa sistematikoan aritzen dira: izan lurpeko ur-bideak karakterizatuz, lagin biologikoak jasoz, hegaztien babeslekuak ikertuz, zoruaren ezaugarri geomorfologikoak aztertuz, irudiak argazki/filmetan jasoz, lurpeko gasak eta parametro klimatikoak neurtuz, uraren ezaugarri hidrokimikoak aztertuz, aztarnategi paleonto/arkeologikoak identifikatuz, kutsadura guneak detektatuz… “Datu guzti hauek sailkatzeaz gain, diziplina bakoitzeko espezialistekin eta erakunde arduradunekin elkarlanean aritzen gara”.