Oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuko dute, Iruzubietan
Lanen bigarren fasea autobus geltokitik erdigunera doan zatian egingo dituzte.
Markina-Xemeingo Udalak aurretiaz eginiko lanei jarraipena eman nahi dio. Jakinarazi dutenez, “aspalditik datorren asmo eta proiektua da auzo honetako segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea, batez ere oinezkoen ikuspegitik”. Lehenengo fasea iaz gauzatu zen, eta udalak bideko zuloak estali zituen eta horma atzeratu.
Orain, espaloi berria egingo dute, lehenengo, berriz, azpitik doazen hodi eta azpiegiturak lurperatuko eta eguneratuko dituzte. Asfaltatze lanak ere osatuko dituzte Munitibar edo Gernika-Lumorako bieko sahiesbide nagusia baita. Horrez gain, argiteria berriztuko dute Iruzubietako autobus geltokitik erdigunera, efizientzia handiagoko LED lanparak jarriz.
Lanak egin bitartean, ibilgailuei txandakako pasoa emateko semaforoa jarri dute.
Lanen kostua 118.496,37 eurokoa da. “2021eko martxoko udalaren osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketa bidez aurrera eramandako inbertsioa da”.