Euskararen erabilera jaitsi egin da euskaldunak %80 baino gehiago diren herrietan
UEMAk euskararen kaleko erabileraren 2021eko txostena argitaratu du. Lea-Artibain eta Mutrikun joerak mantentzen dira, bostetik hiruk euskaraz hitz egiten dute.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) euskararen erabileraren inguruko txostena argitaratu du. Kaleko erabilera aztertzen den bigarren aldia da, lehendabizikoa 2017an egin zen, beraz, bilakaera ikusteko lehen erreferentzia izan da. Guztira 93 udalerritako datuak hartu dira kontuan, 71.000 solasaldi eta 227.000 solaskide behatu dituzte. Gaur egun Lea-Artibain eta Mutrikun guztira 10 herri daude UEMAn: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Mutriku, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.
Nahiz eta COVID-19aren eragina nabaritu, elkarrizketa kopuru handiagoa jaso da 2021ean 2017an baino. UEMAk errefortzuak jarri ditu, neurtzaile gehiago aritu dira lanean, eta ordu gehiagotan. Horrela, kalean jende gutxiago ibili izana, eta musukoaren eraginez solasaldiek behera egitea berdindu da.
Jaso dutenez, bostetik hiruk euskaraz hitz egiten du kalean. 2017 eta 2021eko datuak kontuan hartuta argazki orokorra ez da ia aldatu. Esan dutenez, “datua bera izateak oinarri sendoa ematen dio ikerketaren fidagarritasunari”. Erabilera, orokorrean, aldatu ez den arren, azpiko mugimenduak antzeman dituzte.
Euskaldunen portzentaia %80 baino gutxiagokoa denean erabilera igo da, eta langa horretatik gorakoetan gutxi bada ere, hiru puntu, jaitsi egin da
Udalerriaren tipologiaren arabera, esate baterako, datuek argi utzi dute eremu soziolinguistikoak zenbateko garrantzia duen euskararen erabileran: zenbat eta euskaldun gehiago, erabiltzeko aukera gehiago eta erabiltzeko joera handiagoa dago. Euskaldunen portzentaia %80 baino gutxiagokoa denean erabilera igo da, eta langa horretatik gorakoetan gutxi bada ere, hiru puntu, jaitsi egin da. Hau da, orain arte euskararen arnasguneak izan diren tokietan erabilera jaitsi da. Ondorioz, udalerririk euskaldunenetan joera negatiboa dago adierazle linguistikoen arabera.
Adinari dagokionez, joera nagusia argia da: zenbat eta helduago, euskararen erabilera txikiagoa. Txostenaren arabera, nahiz eta azkenaldian eztabaidagai nagusietako batean bilakatu, haurrek erabiltzen dute euskara gehien, lau umetatik hiruk dihardute kalean. 2021eko neurketan helduak bi multzotan banatu dituzte eta emaitzak argigarriak izan dira. 25 eta 39 urte bitartean erabilera %62,9koa da, baina 40tik 64ko tartean 13 puntuko aldea dago, %50,1era jaisten da. 2017ko datuekin alderatuta, gazteen artean jaitsi da gehien, ia bi puntu, adinekoekin batera, eta umeetan eta helduetan igo. Hala ere, gainerako adin taldeek eragin handia dute gazteen jardunean, gazteak haien artean daudenean, adibidez, erabilera handiagoa da helduekin daudenekin baino.
Umeek erabiltzen dute euskara gehien, eta umeak ez direnek gehiago erabiltzen dute euskara umeekin daudenean
Era berean umeen presentziak asko eragiten du gainontzeko multzoen erabileran. Umeek erabiltzen dute euskara gehien, eta umeak ez direnek gehiago erabiltzen dute euskara umeekin daudenean. Gainontzeko adin taldeen erabilera %57koa zen, baina umeekin elkartzen direnean %73 igotzen da. Ondorioa argia da, haurren presentziak nabarmen areagotzen du euskararen erabilera, bestela erderaz jarduten den euskaldun multzo batek euskara erabiltzen duelako umeekin. Umeak euskararen sustapenerako indargarriak dira, helduen artean batez ere. Beste alde batetik, beste irakurketa bat luzatzen du txostenak, helduen erabilera bestelakoa dela ikusten dute haurrek kalean.
Emakumeen eta gizonen artean aldea oso txikia da, puntu eta erdikoa besterik ez emakumeen alde. Adin talde guztietan agertzen da joera hori, adinekoen multzoan izan ezik. Alderik handiena gazteetan eta umeetan dago, betiere emakumeen alde: 6,6 puntukoa eta 4,1 puntukoa, hurrenez hurren. Aurreko txostenean ez bezala, genero ikuspegia kontuan hartzen hasteko aldagaia izan daiteke, soziolinguistika esparruaz gain.
Eskualdeka. Lea-Artibain eta Mutrikun UEMAko gainontzeko herrietako joerak mantentzen eta igotzen dira. Hala ere, badira tokian-tokiko aldaketak. Kaleko euskararen erabileraren inguruan, udalerri gehienek %80tik gorako erabilera dute, Aulesti (%96,7) eta Amoroto (%89,3) nabarmenduz. Bestetik, beste herri batzuetan UEMAko datu orokorretara gehiago hurbiltzen dira: Munitibar (%61,2) eta Lekeitio (%66,2). Sexuari dagokionez, txosten orokorreko zantzuak erakusten ditu eskualdetako datuek. Gorabeherak badaude ere, emakumeen aldeko joera argia dago. Ziortza-Bolibarren 8,2 puntuko aldea dago eta Lekeition 5,2koa. Markina-Xemein da herri bakarra non gizonek gehiago erabiltzen duten euskara kalean, gutxigatik bada ere 2,4 puntu bakarrik.
Datu orokorrez bilduta, orain tokian-tokiko, eskualdetako eta herrietako, egoera aztertuko dute
Behin datuk bilduta eta aztertuta Aritz Abaroa UEMAko jarduneko lehendakariak txostenaren inguruko iritzia kaleratu du. Hasteko, zuzendariak kaleko euskararen erabileraren inguruko fidagarritasuna nabarmendu nahi izan du: “Lau urteren ostean gisa bereko datuak jasotzeak erakusten du kaleko argazki egokia ematen ari garela. Horregatik txalotu egin nahi dugu ehunka boluntariok herriz herri egin duten lana, ezinbestekoa izan da. Datu orokorrez bilduta, orain tokian-tokiko, eskualdetako eta herrietako, egoera aztertuko dugu. Bide horretatik aurki izango dugu analisi xeheago bat egiteko aukera 2021eko beste azterketa batzuekin”.
Arnasguneekiko kezkatuta ageri da Abaroa. “Euskaldunak %80tik gora diren herrietan behera egin du erabilerak, bilakaera negatiboa da. Era berean, gure herrietan bada kezka belaunaldi berrien erabilerarekin lotuta, aldaketa handiak izan dira denbora gutxian”. Jakinarazi dutenez, eskola giroko eta ikus-entzunezkoen kontsumoari buruko azterketak lantzen ari dira.