Beti Jaien anaitasun ospakizunean izena emateko zabalik dago
Markina-Xemeingo jubilatuen elkarteak martxoaren 26rako antolatu du bazkaria, Durangon.
Bi urteko etenaldiaren ostean elkarteak anaitasun ospakizuna antolatu martxoaren 26an Durangon, bazkari handia egingo dute. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko bazkideentzako. Martxoaren 23a izango da azken eguna, izena emateko tokia Beti Jaien egoitza da 16:30eatik 19:00etara. Bizkaiko Foru Aldundiak, Eikak eta Markina-Xemeingo Udalak antolaketa lanetan parte hartu dute.
Beti Jai jubilatuen elkarteko urteko ekintza nagusietako bat da, urtero antolatzen dute eta aurretik joandako bazkideak izaten dituzte oroimenean. Aurten meza egin ez arren, beste urte batzuetan Arratera joan dira. 2019an antolatu ahal izan zuten azken aldiz, 2020koa eta 2021ekoa COVID-19a dela eta bertan behera geratu zirelako. “Jubilatuen artean oraindik gaixotasunarekiko beldurra dago, baina pixkanaka normaltasunera itzuli nahi dugu eta horretarako, horrelako irteerak oso garrantzitsuak dira”, adierazi dute.
35 euro balio du guztira irteerak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, behin ordainketa eginda, bazkarira etortzen ez direnei, ez zaie dirua itzuliko. Autobusean joango dira Durangora arte, autobus geltokitik irtengo dira 12:00etan eta 19:00etan itzuli.
Bazkariari dagokionez, menu zabala dastatuko dute. Hasteko, etxeko gosagarria izango dute eta lehen plater moduan bakailozko entsalada izango dute baita frijitutako jakiak ere. Plater nagusi moduan arraina zein okela izango dute: Txangurrozko piper beteak eta buztana ardo gorriko saltsagaz. Bazkariari amaiera emateko, gazta tarta izango dute kafeagaz edo infusioagaz batera. Edateko ura edota ardo gorria edukiko dute eskuragarri. Jakinarazi dutenez, kopak edo konbinatuak bakoitzak bereak ordaindu beharko ditu.