Lekeitiarrek beste hiru edo lau egun luzatuko dute Poloniako bidaia
Casco familia -Soraya, Alex eta Yolanda-, Martin Gerenabarrena, Bingen Zumajo eta Asier Garetxana Katowicen geratuko dira antolaketa lanak egiten ordezkoa heldu arte.
Atzo arratsaldean [martxoak 16] heldu ziren Katowicera, bertan zuten zain Alvaro Sainz Galdakaoko gizarte boluntarioen elkarteko kidea. Bera da Cracoviatik gertu dagoen egoitzaren arduradun nagusia eta azaldu duenez, “egoera guztiz kaotikoa da, jendea tropelean dator laguntza bila”. Azkenean, haien egoitzetara bideratzen dituzte errefuxiatu ezagun asko, batez ere espainiar estatura joan nahi dutenak.
Horregatik, heldu bezain laster, Ukrainatik ihes egin nahi duten herritarrak antolatzen dituzte. Alde batetik, beste nonbaiten familia edo lagunik duten edo ez jakin behar dute, eta beste alde batetik, espainiar penintsulako zein guneetara bideratuak izan nahi duten galdetzen zaie. Ligota basilikagaz dauden uneoro harremanetan eta elkarlanean. Jateko eta lo egiteko guneak zabaldu dituzte.
Alvaro Sainzen etxera itzuliko da eta ordezkoa etorri bitartean lekeitiarrek egingo dute bere lana, hiru edo lau egunetan. “Alvarok egiten zuen dena egin beharko dugu, batez ere kontrol lana da. Horrez gain, mapako toki guztietatik datozen elkarteetako eta norbanakoen lehengaiez eta botikaz beteriko ibilgailuak Katowicera heltzen dira eta horren antolaketa ere eraman behar dugu”.
Soraya eta Alex Casco furgoneta bat hartu zuten atzo eta Hungariako mugara arte joan ziren. Bidaia hasi aurretik hitzartuta zuten errefuxiatu baten bila joan ziren eta dagoeneko Poloniako egoitzara heldu dira. Batez ere emakumeak eta umeak dira alde egiten ari direnak, 18 urtetik gorako gizonek gerrako frontera joateko deia jaso dute, osasun arazoak izan ezean.
Katowicetik 50 kilometrora elkarteak duen biltegi batean hutsitu zituzten lehengaiez beteriko furgonetak eta gaur [martxoak 17] hitzartutako errefuxiatu gehiagoren bila joango dira.