Hamar urtez hamaika sugar
Lekittoko Deabruak su ikuskizun taldeak hamar urte beteko ditu. Correfoc-ak egiten dituen euskal talde bakarrak urte osorako egitarau oparoa antolatuko du.
Hamar urte ez dira egunero betetzen. Zenbaki borobila da. Egun hori, ordea, inoiz ahazten ez den horietakoa da. Gorka Rodriguez Lekittoko Deabruaken sortzaileetako bat izan zen. Badaki zer den hori. «Gure sorkuntza betiere kale antzerkiagaz egon da estu lotuta, eta herrian betidanik suaren inguruko tradizio handia dago. Bi gaiak uztartzeko ideia buruan nerabilen, eta ‘guk zergatik ez’ pentsatu genuen». Hasierak, baina, ez dira inoiz errazak izaten. «Kale antzerkiko diruagaz eman genuen gure lehen ikuskizuna», gogoratu du Rodriguezek.
Hodei Lizarrak txikitatik bizi izan du Lekeition dagoen suarekiko kultura hori, urte askotan etorri dira Kataluniatik eta Frantziatik su ikuskizunen konpainiak: «Ez dago Lekeitio bezalako plazarik, kataluniarrek ere esaten dute onena dela, adin guztietako pertsonek, ume, gazte zein helduek parte hartzen dute, inon ez bezala». Hain gustuko zuten hori egi bihurtu zuten.
Deabruak San Juan egunean irteten dira kalera Katalunian, herri kataluniarretan diablesak dira, Euskal Herrian deabruak. Uztailaren 23an, hain zuzen ere, eman zuten haien lehen ikuskizuna suaren ostean. Inoiz ahaztuko ez duen eguna da Rodriguezentzat. «Asko ikasi genuen». Euskal Herrian ez dute parekorik, Irunen eta Bilbon ere deabruak daude, baina ez Lekeition modukoak. Kataluniako tradizioa oinarri duten bakarrak dira Lekeitiokoak.
Hamar urteren ostean, asko dira «erre» ez direnak. Ez dira ikuskizunetatik bizi, dena taldera bideratzen dute, materialetan, piroteknian edota konponketan inbertitzen dute. Elkarlanean oinarritzen direla azpima-
rratu du Lizarrak: «Denon artean erabakitzen dugu dena. Hau da gure berezitasunetako bat, beste talde batzuetan zuzendari artistikoak egoten dira arlo bakoitzerako. Ez gaude inoren menpe, burujabeak gara. Guk zehazten dugu gure bidea, inolako baldintzapenik gabe».
2017an eta 2018an ikuskizun kopuru aldetik «izugarria» izan zen
Rodriguezek dio «suak eta antzerkiak arrakasta ziurtatzen» duela. Hasi bezain laster Durangora, Zarautzera edota Bilbora heldu ziren. Azkenean ate batek beste ate bat zabaltzen du. Lizarraren ustez, «programazio ofizialetan» sartzea izan zen gakoa. Ordura arte herriko elkarteen deiak jasotzen zituzten, baina udalekin asko zabaldu ziren. 2017 eta 2018 bereziki arrakastatsuak izan ziren. «Normalean uda da gure unerik indartsuena, baina inauterietatik hasi ginen, eta apur bat gainezka egin zigun, azkenean ez da gure lana», hausnartu dute. Inertzia batean jausi ziren: «Ez genekien ezetz esaten, dena ikusgarria iruditzen zitzaigun, mapako leku bakoitza. Azkenean joaten ginen leku bakoitzean inguruko herriko deiak jasotzen genituen, ‘guk ere berdina nahi dugu’ esanez». Profesionaltasunera jauzi egiteko ideia ere pasa zitzaien burutik. Baina, horren ordez, datak eta tokiak aukeratzen hasi ziren, haien bidea egiten. Ez zuten beharrizanik. «Heldu zen une bat non aste bitartean egiten genituen ikuskizunak, baina guk gauez egin behar ditugu, eta hurrengo egunean lanera joan behar ginen hiru ordu lo eginda».
2019. urtea ez zen gutxiagorako izan. «Urte borobila izan zen taldearentzat. 2017an eta 2018an ikuskizun kopuru aldetik izugarria izan zen, ez genuen ia geldialdirik izan. Hurrengo urtean, berriz, beharbada gutxiagogaz gehiago gozatu genuen», esan du Lizarrak. Pirotekniako aditu izendatu ziren urtea izan zen. Lekeitioko kale antzerkiko 30. urteurrenean parte hartu zuten eta herria «sutan» jarri zuten: «Kataluniako lau talde ekarri genituen, eta 200 pertsona inguruk sua eman genien herriko kaleei. Ahaztezina izan zen, ‘gu hemen gaude eta hau egiten dugu’ esan genuen».
Denen artean erabakitzen dute dena, hori da euren ezaugarrietako bat
Olatuaren aparrean harrapatu zituen konfinamenduak. 2020ra begira, proiektu izugarriak zituzten prestatuta, baina Bilboko inauterietakoa izan zen azken ikuskizuna. Hala ere, Lekittoko Deabruek lanean jarraitu zuten, maltzurkeriak prestatzen. Barrura begira jarri ziren. «Ez ginen geldirik geratu, baina kalera irteteko beharrizana geneukan. Gure gastuak mantentzen ziren, konponketak, seguruak, alokairuak… lokal aldaketa bizi izan genuen eta dena, Ispasterretik Gizaburuagara lekualdatu ginen».
Orduan hasi ziren 2022ko 10. urteurreneko maltzurkeriei bueltak ematen. «Urte gogoangarria izango da». Hitzari aurreratu diotenez, ume eta helduentzako piroteknia ikastaro bat antolatu dute apirilaren 30erako. Horrez gain, irailerako Lekittoko Deabruen inguruko erakusketa bat antolatu nahi dute. Hori gutxi ez eta, ibilbide luze horren inguruko dokumental bat prestatzen ari dira. «Atzera begira jarri gara, eta bidean gugaz egon diren kideekin ospatu nahi dugu urteurrena, haiek barik ezinezkoa izango zelako».
Une berezi asko. Hamar urteko bide luzeko uneren baten inguruan galdetuta, zalantza asko izan dituzte bai Rodriguezek bai Lizarrak. Gazteenak ezin izan du momentu berezi bakarra aukeratu. «2015ean lehenengo deabru kataluniarrak Lekeitiora etorri zirenean. Gero konturatu ginen, baina ate asko zabaldu zitzaizkigun. Ordura arte oso urrun ikusten genuen. Inflexio puntu bat izan zen. Urtebete beranduago, 2016an, talde moduan Kataluniara egin genuen lehen bidaia. Garciako correfoc handian parte hartu genuen. Beste mundu bat zabaldu zen gure aurrean, barrura arte sartu ginen, deabruetako bat ginen». Sortzailea hasiera puntura itzuli da. «Lehendabizikoa beti da berezia. Hainbeste behar egin ostean, lortu genuen. Gustura geratu ginen, baina berehala aurrera begira jarri ginen; herritarren irribarreagaz nahikoa genuen». Gaur egun arte. Hamar urtez hamaika sugar egin dituzte.