Jakoba Errekondoren hitzaldia antolatu du Lekitto Bedarrak
Barikuan [martxoak 25] da hitzordua 18:30eatik aurrera, Azkue aretoan. Tomateak eta piparrak eta beste batzuk izango ditu adituak hizpide.
Lekitto Bedarrak Jakoba Errekondoren hitzaldi-kontsultategia antolatu du barikurako [martxoak 25], 18:30eatik aurrera, Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Udaberriko saltsan, tomateak eta piparrak eta beste batzuk izango ditu adituak hizpide. Hazitik hasita, azken atalera arteko ekoizpen eta zainketa prozesua sakonduko du paisajista eta agronomo usurbildarrak. Lekeitiarrak gogotsu daudela azaldu dute antolatzaileek: “Inguruan hainbat jende irrikatzen dago Jakoba Errekondogaz zuzenean egoteko, eta izan ditugun eskakizunei erantzunez, ortuko bi izarrein gainean oinarrituko da jardunaldia: tomatea eta piparra”.
Ondoren, entzuleen galderak eta zalantzak argitzeko tartea zabalduko dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez dago aurretik lekua hartu beharrik. Horrez gain, parte hartzaileen artean Bizi baratzea, Etxeko landareak, Sendabelarrek dakitena liburuak zozketatuko dituzte.
Bigarrena. Lekitto Bedarra ortularien elkarteak aurten antolatzen duen bigarren ekimena da Errekondorena, iazko bost ekimenak berdintzeko asmoa erakutsi dute. Otsailean, esate baterako, mahatsaren inausketa prozesuaren inguruko hitzaldia eskaini zuten. Antolatzaileek esan dutenez, “taldearen helburuetako bat, formakuntza arloa da eta bide horretan sakontzeko asmoagaz antolatu dugu saio hau”.
Ez da lehen aldia Jakoba Errekondo Lekeitiora arte hurbiltzen dena, 2015ean elkartearen eskutik Bizi baratzea – Garaian garaikoa garaiz eman eta hartu liburuaren aurkezpena egin zuen. Oso urrun joan barik, Markina-Xemeingo landare azokan ere parte hartu zuen usurbildarrak joan den otsailaren 26an.