Gandiaga anaiak txapeldun, Lekeitioko binakako trinkete txapelketan
Atzo [martxoak 27] 30-18 irabazi zieten berrituarrek Malax eta Madariaga bikoteari beteranoen XVI. eskuzko txapelketan.
Lehen aldiz aritu ziren finalean nor baino nor bi bikoteak. Partida orekatua eta berdintsua espero zen, baina 2020ko txapeldunek ez zuten hutsik egin eta bigarren txapela lortu zuten jarraian. Malaxek partidako lehen tantoa saketik egin bazuen ere, ezin izan zuen min askorik egin bere lehenengo pilotakada bizkor eta indartsuagaz. Alderantziz izan zen, hiru falta egin zituen sakea motz geratuta, eta Gandiagak zortzi sakearen bidez. Banakoa izan zen finaleko berdinketa bakarra.
Pilota aldaketagaz berrituarrak nagusi izan ziren, Eñautek sakeari zukua atera zion eta Ibanek bizkarra erakutsi zuen atzeko koadroetan. Ez zen Madariagaren lehiarik onena izan, huts asko egin zituen eibartarrak eta 26-9ko markagailuagaz bikote txapeldunak bideratuta utzi zuten finala.
Berandu, baina heldu zen galtzaileen erreakzioa. Galtzekorik gabe, gehiago arriskatu zuten jokaldietan eta 1-8ko partziala sartu zuten. Gorrien 28. tantoa, Madariagak txapara botatako pilota bateri esker lortu zuten, eta hurrengokoa Eñautek zuzenean sarean sartuta. Zalantzarik gabe finaleko tantorik ikusgarriena urdinen 18. tantoa izan zen, 16 pilotakada eman zituzten pilotariek eta azkenean Malaxek bi anaien arteko atzeko zuloa aurkitu zuen ezker paretan tantoa lortzeko. Luze txalotu zuten ikusleek tantoa. Hurrengo sakean, berriz, Malaxek falta egin zuen. Gandiaga anaiak berriro txapeldun bigarren aldiz jarraian: 30-18.
Aurretik, hirugarren eta laugarren posturako lehian Rober eta Egaña bikoteak 30-23 nagusitu zitzaien Jaunarena eta Martini. Sari banaketan, Josu Itza Kirol zinegotzia, Goreti Trinkete Tabernako langilea, Agurtzane Escribano KITTO dendari Elkartekoa eta Bego Arizmendi Elgoibarko MTE enpresakoak gon ziren. Fernando Intxausti “Foster” , ekitaldiko Lekittar onenaren saria jaso zuen, KITTO dendarien elkarteko erosketa bonoa.
Sari banaketaren ondoren, pilotariek, Juan Ignazio Izarra bere epaile lanagatik eta Julian Arrate urte guzti hauetan antolatu duelako txapelketa omendu dituzte esker oneko plaka bat emanez eta Iñaki Astigarrak bertso bana eskainiz. Arratek “biziki” eskertu zuen errekonozimendua, bere eta Izarraren izenean: “Baina niretzako saririk onena, Euskal Herrian egiten den txapelketa bakarra martxan jarraitzea da, eta aurrerantzean bai pilotari partaideak eta Akarregi taldeak hartu behar dute konpromiso hori”.