Koldo Tellitu: “Hainbat proposamen egin ditugu euskararen, publikotasunaren eta Euskal Herriaren kontzeptuaren inguruan batez ere”
Azkue ikastolak antolatuta, Ikastolen elkarteko lehendakariak hitzaldia emango du eguenean [martxoak 31], kultur etxean.
Lekeitioko Azkue ikastolak Eusko Legebiltzarrean onartu berri den hezkuntza lege berriaren inguruan hitzaldi bat antolatu du. Horretarako, Ikastolen elkarteko lehendakaria den Koldo Tellitu gonbidatu dute. Elkarteak legean izan dituen proposamenen inguruan arituko da. Hitzordua martxoaren 31an da 17:30etik aurrera kultur etxeko Azkue aretoan. Jakinarazi dutenez, zaintza zerbitzua eskainiko dute.
Zelan aztertzen du Ikastolen Elkarteak hezkuntza lege berria?
Hezkuntza ituna, Eusko jaurlaritzak legea egiteko oinarri gisa erabiliko duena, gaur egun dugun sistema duala gainditzera datorren ituna da, beraz norabide egokian doa gure ustez. Egungo publiko/pribatu dikotomia antzua gainditzea helburua duen ituna da. Euskal Herrian eta gure inguruan indarrean dauden hezkuntza sistemak baino haratago doan eredua jasotzen du, Euskal Hezkuntza Zerbitzu publikoan hainbat konpromiso eta baldintza betetzen ditugun ikastetxeak egongo gara, Administrazioko titularitatekoak izan ala ez. Hori bai, lehen urratsa da, orain zatirik garrantzitsuena dator, legea idaztea, eta zehatzago definitu beharko dira Akordioan jasotzen diren ezaugarriak. Guk lanean jarraituko dugu proposatu genituen eta jaso ez diren gaiak legean sar daitezen, oso bereziki Euskal Herriaren inguruan egin genituen proposamenak
Zein izan da elkartearen jarrera prozesu honetan?
Eraikitzailea. Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin genuen gure jarrerak aurkezteko, ekarpenak egin dizkiogu Akordioaren lehen testuari, eta, gainera, gure jarrera komunikabideen bidez publiko egin dugu, baita alderdi politikoekin bilerak. Orain, eztabaida-prozesu zabala egingo dugu Ikastolekin, gure VII. Kongresuaren testuinguruan, non legeak leku esanguratsua izango duen
Zeintzuk izan dira proposamenak?
Hainbat proposamen egin ditugu, esanguratsuenak euskararen, publikotasunaren eta Euskal Herriaren kontzeptuaren inguruan egiten ditugu, baina baita beste esparru batzuetan ere, hala nola segregazioan, euskal curriculumean, doakotasunean, langileen kontratazioan, udalen parte-hartzean edo eskola-jantokietan.
Lege berriak euskara jarri nahi du erdigunean.
Guretzat hau da lege berriari begira esparru garrantzitsuenetako bat, eta oso modu aktiboan lan egin dugu Kontseiluarekin batera gure hezkuntza-sistema erabat euskalduntzeko hainbat neurri jaso daitezen. Zorionez esan dezakegu orain onartu den Itunean hainbat jasoak izan direla eta bereziki hauek; Euskara ardatz izango duen eredu eleaniztun inklusibo orokortu baten aldeko apustua, Ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza gaitasun maila finkatzen da, bi hizkuntza ofizialetan, gutxienez B1 LH amaitzerakoan eta B2 DBH amaitzerakoan eta euskara lehenetsi egingo dela hezkuntza-sistemaren barruan, hezkuntza jardueran zein harreman profesionaletan, baita ere ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan.
Eskola publikoaren inguruan antolatu nahi da legea.
Euskal Hezkuntza zerbitzu publikoaren inguruan esango nuke, bertan sartuko garen ikastetxeak, administrazioaren titularitatekoak izan ala ez, zenbait konpromiso eta baldintzak bete beharko ditugu, ondorioz eskubide eta betebehar berak izango ditugu. Gainera baldintza horiek Hezkuntza itunean, aipatzeaz ez ezik, definitu ere egin dira, eta, beraz, etorkizuneko legeari begira, ezinbesteko oinarri dira. Hezkuntza itunean jaso diren baldintzak zorrotzak eta sakonak dira, aipatuko ditut jendeak ideia bat egiteko parekidetasuna, gobernantza demokratikoa, hezkuntza proiektu komunitario izatea, segregazioaren kontrako konpromisoa hartzea, langileen kontratazio sistema gardena izatea, laikotasuna, irabazi asmorik ez izatea, euskara lehenestea, ebaluazioa, auditatuak.
Zeintzuk izan dira hitzarmenaren azken gehikuntzak?
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartzeko baldintzak jaso eta definitu direla azpimarratuko nuke. Aurreko dokumentuan egongo zirela bakarrik aipatzen zen eta guk publikoki zehaztasun gehiago behar zela puntu honetan eskatu genuen. Azken testu honetan jaso ez dena ere azpimarratuko nuke, bereziki etengabe aldarrikatu dugulako, Euskal Herriaren aipamena. Agerikoa da EAEn lantzen den Lege baten inguruan ari garela; hala ere, Ikastolok uste dugu gure gizarte osoan dagoen nahia bideratzeko ahalegina egin beharra zegoela. Eta horretarako bideak bazeudela uste genuen: alde batetik, Euskal Herrian dauden ikastetxe guztien arteko harremanak bideratuz edo ikastetxeen arteko sareak hedatzea bultzatuz; eta, bestetik, Europa mailan dagoen legedia erabiliz, elkarlana sustatzeko erakundeak sortuz eta baliatuz, egungo errealitatetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko tresna izan daitekeena eta denontzat estrategikoak diren proiektuak bideratzeko balio dezakeena.