Xabier Berasategi irabazle, Sabin Foruria-Haitzasko oroimenezko lasterketan
Laboral Kutxa taldeko txirrindularia izan zen bizkorrena Markina-Xemeingo helmugan.
Lea-Artibai eskualdeak hartu zuen zapatuan [martxoak 26] Euskaldun Txapelketako bosgarren jardunaldia. Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteak eta udalak antolatuta Sabin Foruria-Haitzasko oroimenezko XXXI. elite eta 23 urte azpiko lasterketak lehiatu ziren. Antolatzaileek ibilbide berria sortu aurten, “gogorragoa”, eta emaitzak eman ditu: “Balorazio oso positiboa egin dugu maila oso altuko lasterketa izan da, txirrindulari oso onekin”.
178 txirrindularik hartu zuten irteera udaletxetik, baina 98 izan ziren 117,4 kilometroko ibilbidea amaitu zutenak. Bost igoera pasa behar izan zituen pelotoiak eta Gontzogaraiganeko azken mendatean txikitu zen guztiz lasterketa. Lau txirrindularik alde egin zuten, lau indartsuenak: Laboral Kutxa taldeko Xabier Berasategi eta Enekoitz Azparren, Eulen-Nuuk taldeko Unai Esparza eta Lizarte taldeko Diego Uriarte. Esprintean erabaki zen azkenean lasterketa. Markina-Xemeingo kaleetan azkarrena Berasategi izan zen, bigarren Azparren taldekidea eta Esparzak osatu zuen podiuma. Hurrengo multzoa 30 segundora heldu zen.