Ahaztuen Oroimena elkarteak Jose Mari Agirreri omenaldi eder bezain hunkigarria egin dio Etxebarrian
Elkarteak Etxahun Galparsororen hitzaldia antolatu zuen zapatuan [martxoak 26] eta Jose Mari Agirreri aitortza omenaldia domekan [martxoak 27].
Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak egitarau oparoa antolatu zuen astebururako Etxebarrian. Frontoiko kultur aretoa iraganera itzultzeko toki bilakatu zuten. Zoragarritzat laburbildu dute antolatzaileek asteburua. Zapatuan (martxoak 26) Etxahun Galparsoro Ansola historialariak Lea-Artibai eskualdeko sei deportaturen inguruko hitzaldia eman zuen: Jose Clark (Markina-Xemein), Lucio Vallina (Ziortza-Bolibar), IƱaki Eizagirre (Ondarroa), Aurelio Artola (Lekeitio), Jose Mari Agirre (Etxebarria) eta Cecilia Hidalgo (Berriatua). Historialari donostiarrak bere helburua bete zuen: “Gure herrian gutxi ezagutzen den errealitate bat aurkitu zuen entzuleak”. Lea-Artibaiko deportatuetatik abiatuta, historia guztia aztertu zuen Galparsorok. Kultur aretoa txiki geratu zen.
Domekan (martxoak 27), berriz, aitortza omenaldia egin zioten Jose Mari Agirre Egixarreri. Etxebarriko semeak 1945ean eskuratu zuen askatasuna Mauthausenen, eta azken urteetan Palman bizi izan zen; bere historia eta memoria hurrengo belaunaldiei transmititzen jardun zuen. “Omenaldia ederra bezain hunkigarria izan da. Jose Mari Agirreren memoria gure historia delako. Memoria osoaren bidetik, memoria historikoak etorkizunerako bidea egingo digu”. Etxebarritarraren bideo solasaldietako zatiak jarri zituzten, Rakel Pujana musikariak bi kanta abestu zituen, eta omenaldi guztia egiten zen bitartean Mikele Sotil artista etxebarritarrak margolan bat margoztu zuen.