Itxasne eta Txus izendatu dira Berriatuko pala txapelketa mistoko txapeldun
Domekako [martxoak 27] finalean 15-8 irabazi zieten Julenek eta Unaik osatutako bikoteari.
Bi urteko etenaldiaren ondoren oso indartsu itzuli zen Berriatuko pala txapelketa mistoa. Herrian tradizio handia dago eta eguraldi ezin hobea lagun izanda giro bikaina bizi izan zen. Aurten Zaharrak eta Ederrak koadrilak hartu du antolatzeko ardura: “Ondorio oso positiboak atera ditugu txapelketaren inguruan, hasiera batean kosta zitzaigun parte hartzaileak lortzea, baina lanaren ekinez herrian zabaltzea lortu dugu”.
Azkenean hamabi izan ziren izena eman zuten bikoteak. Lehendabizi lau bikotez osatutako hiru multzo osatu zituzten, bakoitzeko bi bikoterik onenek finalerdietako ligaxkarako txartela lortu zuten. Hiru bikoteko bi multzo antolatu zituzten eta bakoitzeko bikoterik onenek lehiatu zuten finalean: Itxasne-Txus eta Julene-Unai.
Itxasne eta Txus nagusitasunez sartu ziren finalean, finalaurrekoetan 12-4 gailendu zitzaien Leire-Oier eta Neskutz-Amets bikotei. Julenek eta Unaik gehiago lan egin behar izan zuten finalean sartzeko, lehen partidan 12-2 irabazi bazuten ere, bigarrenean gehiago lan egin behar zuten azkenean 12-7ko emaitza eskuratzeko. Final handian Itxasne-Txus eta Julene-Unai aritu ziren nor baino nor. Lehia borrokatua izan zen finalekoa, baina azkenean txapeldunek tartea zabaldu zuten markagailuan 15-8 gailentzeko.
Asteburu osoan izandako eguraldi eguzkitsua eta giro epelaz baliatuta antolatzaileek frontoiz aldatzea erabaki zuten. Txapelketa Mendibarren frontoian hasi bazuten ere, kaleko frontoian amaitu zuten. Musikagaz girotu zituzten partidak eta herriari “bizia” eman zioten egun osoan.