Lea-Artibai eskualdeko Euskaraldiko aurkezpena egingo da Markina-Xemeinen
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da hirugarren aldiz euskararen erabilera bultzatzeko ekimena.
Hirugarren ariketaren aurkezpena antolatu dute eguenerako [martxoak 31] 18:30etik aurrera Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Lea-Artibai eskualdeko udal ordezkariak, taldeak zein norbanakoak parte hartzeko deia luzatu nahi izan dute. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Aurten hitzez ekiteko garaia leloaren bitartez zabaldu nahi dute euskararen erabilera.
Aurkezpenean 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ekimenaren nondik norakoak azalduko dituzte. Alde batetik, aurtengo berritasunak, beste alde batetik, euskara bultzatzeko ekintza plana, eta azkenik, herri batzordeen osaketa egingo da.
2018an antolatu zen lehen aldiz, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.
Bigarrena 2020an burutu zen, eta, horretan, erakundeei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen hasi, eta erakundeetako kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten.