Lekeitioko haurreskolako berrikuntza lanek aurrera egingo dute
Uda honetan udalak 0-3 urte bitarteko eraikineko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko du.
Iazko udan hasitako haurreskolako berrikuntza lanei jarraipena emango die Lekeitioko Udalak. Bigarren fase honetan, 0 eta 3 urte bitarteko eraikinean oinarrituko dira lanak. Gelak, biltegiak, komunak edota aterpea berrituko dituzte eta suteen aurkako babes sistema instalatuko dute. Horrez gain, beheko solairuan hezitzaileentzako komun bat prestatuko dute eta eraikin barruko arotzeria aldatu eta araudiak agintzen duen moduan jarriko dute. Araudira egokituko dute bai eta ere eskaileretako baranda, eta goiko solairuko aldagela, komuna eta biltegia moldatuko dituzte aldagela bi eta garbiketa gela jartzeko. Sarrerako aterpea ere itxi egingo dute.
Helburua da eraikinaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea. Jakinarazi dutenez, udan osatuko dituzte lanak eta zortzi asteko iraupena izatea aurreikusi dute, “garai horretan eraikinean ez baita zerbitzurik ematen”.
Iazko urtean 71.000 euro inbertitu ostean, aurten beste 105.000 euro erabiliko ditu Lekeitioko Udalak. Hortaz, guztira 176.000 euro bideratuko dira haurreskolaren berrikuntza lanetara, BEZa barne. Joan den udan espazioa erabilgarriago izateko gela berde eta horiaren aldagelak batu zituzten, gela horian ofizio gunea egokitu zuten eta gela urdina berrantolatu zuten, aldagela eta ofizio gela egokituz.