Zerutxu dantza taldeak lehendabizikoz ekarri du Euskal Jaia Markina-Xemeinera
Egitarau oparoa prestatu dute Arrasateko Lore Gazteak dantza taldeagaz batera zapaturako [apirilak 2]. 12:30ean emango diote hasiera.
Bi urteko etenaldiaren ostean itzuli da Euskal Jaia, eta aurten Markina-Xemeingo dantza taldeari egokitu zaio antolaketa. Uhagon kulturgunearen, udalaren eta Lore Gazteak dantza taldearen laguntza izan dute. Arrasatekoa izan da aurtengo talde gonbidatua, aukeratutako leloa, berriz, plazak hartuz, elkar zaindu gaitezen.
“Lehenengo aldia da horrelako ekitaldi bat antolatzen duguna, bestelako ekintzak antolatu ditugu inoiz, 2008an, esate baterako, Bizkaiko dantzari eguna Markina-Xemeinen ospatu genuen, baina Euskal Jaia desberdina da. Talde barruko proposamen bezala irten zen eta horrelakorik inoiz antolatu ez dugunez, aurrerapausoa eman genuen”, adierazi dute antolatzaileek.
12:30ean emango diote hasiera egitarau oparoari. Kalejira eta dantza emanaldiak egingo dituzte herriko hainbat kaletan, bai Zerutxu dantza taldeak baita Lore Gazteakek ere. 14:00etan Zelaian Bizkaiko gaiteroen musikaz lagunduta, larrain dantza herrikoia osatuko dute dantzariek, baina ez haiek bakarrik, batu nahi duen beste edozein pertsonak ere dantza egin dezake. Egunari amaiera emateko, 19:00etik aurrera, trikipoteoa egingo da Naiara eta Izarra trikitilariek girotuta. Antolatzaileek jakinarazi duenez, euria eginez gero, Plazaberripera mugiaraziko dituzte ekintzak.
Hasiera batean 2020an antolatu beharko zuen Zerutxu dantza taldeak Euskal Jaia, baina COVID-19a dela eta bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten, pandemiaren egoerak zeharo hobera egin duenez, helburu argiak jarri dituzte. “Herriko dantza taldea indartu nahi dugu, pandemiaren ostean indarberrituta itzuli gara eta Markina-Xemeingo herritarrak musikaren eta dantzaren bidez alaitu nahi ditugu”.