Done Jakue bideko aterpetxeak ateak irekiko ditu berriro
Barikuan [apirilak 1] zabalduko da iparraldeko bidea egiten duten erromesentzako aterpetxea.
COVID19-ko pandemia dela eta 2019an ateak itxi behar izan zituen Markina-Xemeingo aterpetxeak, baina orain egoerak zeharo hobera egin duela ikusita berriz zabalduko ditu. Iparraldeko bidea egiten duten erromesek barikutik aurrera atseden hartu eta lo egin ahalko dute Santiagora arteko bide luzean. Aste santuko oporraldian hasi ohi da Done Jakue bidea osatzen dutenen joan-etorria eta uda ostera arte luzatu, Pilar zubira arte. Karmeldarren komentuko aterpetxea urrira arte egongo da zabalik 15:00etik 22:00rako ordutegian.
Eraikinaren kudeaketa eta antolaketa beste behin Bizkaiko Done Jakue Bidearen Zaintzaile Elkarteko boluntarioen esku geratu da. COVID-19aren osasun eta segurtasun neurriak egokitzeko zenbait aldaketa egin behar izan dituzte ateak zabaldu aurretik. Edukiera jaitsi behar izan dute, aurtengo denboraldian 39 ohe egongo dira eskuragai, normalean 50 egoten direnean. Hau da beste aldaketa nagusietako bat, beste urte batzuetako ohiko pilaketak ekiditeko, non “herri edota herrialde ezberdinetako erromes asko biltzen ziren”, literen ordez oheak jarri dituzte. Hori gutxi ez eta ohe baten eta bestearen artean bereizleak ipini dituzte. Horrela, segurtasun distantzia bermatuko dute lo egiterakoan.
Hala ere, Bizkaiko Done Jakue Bidearen Zaintzaile Elkarteko boluntarioek jakinarazi dutenez, maskararen erabilpena derrigorrezkoa izango da uneoro eraikinaren barruan. Horrez gain, beste garbiketa sistema batzuk jarri dituzte martxan. Alde batetik, eskuen desinfekziorako gela jarriko dute aterpetxeko hainbat tokitan erromesek erabil dezaten. Beste alde batetik, aire-garbigailuak ipiniko dituzte eraikinaren etengabeko aireztapena bermatzeko.
Guztira hogei boluntario inguru izango dira aterpetxearen kudeaketaz arduratuko direnak. Bide-orria da aldatu ez dena: “Erromesek Done Jakue bidea osatzen ari direnaren agiria aurkeztu beharko dute aterpetxean izena eman eta lo egin ahal izateko, ezin da edozein turista sartu”. Markina-Xemeingoa ondo joanez gero, Larrabetzu eta Pobeñako aterpetxeak zabalduko dutela adierazi dute boluntarioen elkartekoek. Biziraupena erromesek egiten dituzten diru laguntzen menpe dago: “Urte asko izan dira galerekin amaitu ditugunak, ia garbiketa ordaintzekorik gabe”.
Turismoa. 2022 urtea gainera Xacobeo urtea da, 1937. urtea izan zen bi urte hartu zituen azkena. Horrenbestez, Markina-Xemeingo Udalak aurreikuspen handiak ditu turismoari begira aste santuan hasiko den denboraldirako: “Azken bi urteetan asko izan dira herritik pasa direnak, baina hori izan da arazoa, herria zeharkatu besterik ez zuten egiten, Gernika-Lumora joaten ziren asko. Markina-Xemein erromesen oroitzapenean geratzea nahi dugu, garrantzitsua izango litzateke guretzako”. Deban hasten den etaparen amaiera hartzen du herriak, toki garrantzitsua da beraz, pandemia baino lehen urtean bataz bataz beste 7.000 erromes izan dira herriraino hurbildu direnak. Done Jakue bidearen hobekuntzan ere lan egiten ari da udala: “Basolanengatik bide aldaketak egin behar izan dira, era berean, marken errepasoa bideratzen gaude. Gure helburu nagusietako bat erromesak Arretxinagako San Migel ermitatik igarotzea da, herriko ondarearen funtsezko elementua izateaz gain, turismo aldetik ere pisu handia duelako”.