Zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Arantza Zuluetari 13/13 auziagatik
Jon Enparantzari lau urteko espetxe zigorra, Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa eta Naia Zuriarraini hiru urte eta erdikoa ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu egin ditu. Abokatuek ez dute oraindik auzitegiaren bidez epaia jaso. Elkarretaratzea egingo dute gaur [martxoak 31] 19:30ean Lekeitioko Eskolapean.
Zuluetari ezarri diote espetxe zigor handiena, zazpi urte eta erdikoa: lau urteko zigor bat «erakunde terroristako kide» izateagatik eta hiru urte eta sei hilabeteko beste bat «armak eta lehergaiak edukitzeagatik». Jon Enparantzari lau urteko espetxe zigorra, Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa eta Naia Zuriarraini hiru urte eta erdikoa ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu egin dituzte.
Abokatuek ez dute oraindik auzitegiaren bidez epaia jaso. Sententzia betearazteko aurretik auzi honi lotuta betetako kartzela zigorrak kendu beharko dizkiote orain jasotako espetxe urteei. Epaia oraindik ez da irmoa, eta helegitea jartzeko aukera daukate
Sententziaren hitzetan, egitura horren barnean «fronte juridikoa» zegoen, abokatuek horretan parte hartzen zuten, eta «ETAko kideen defentsa juridikoa» egitetik harago abokatuek «lotura» egiten zuten presoen eta ETAren zuzendaritzaren artean: «Erakunde terroristaren ildoak transmititzen zizkieten». Sententziaren arabera, halaber, zigorturiko abokatuek «ETAren alde» lan egiten zuten Bilboko eta Hernaniko (Gipuzkoa) abokatuen bulegoetatik, «norberak bere gaitasun profesionaletatik».
Iazko uztailean hasi zen Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondoren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Azaroan amaitu zen epaiketa, eta Jose Perals fiskalak Arantza Zulueta lekeitiarra eta Jon Enparantza ETAko «buru» gisa akusatu zituen; Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi, ETAko «kide» modura, eta Saioa Agirre eta Nerea Redondo, «laguntzaile» modura. Zelaraini akusazioa erretiratuta, guztira 66 urteko espetxe zigorrak eskatu zizkieten gainerako sei euskal herritarrei, argudiatuta ETA ez zela desagertu. ETAk 2011n iragarri zuen jarduera armatuaren behin betiko etena, 2017an armagabetzea eta 2018ko maiatzean desegitea.
Zuluetak eta Enparantzak epaiketan nabarmendu zuten abokatu gisa euskal presoen arteko eztabaidan laguntza eman zutela. Hala adierazi zuen Zuluetak: «Euskal presoen arteko eztabaidan lagundu dut, kartzela legedia onartzearenean. Nire lana esan dizuedan hori baino ez da izan: juridikoki eta politikoki laguntzea, eta uste dut merezi izan duela».
Polizia operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren hamahiru pertsona, abokatu lekeitiarra tartean, atxilotu zituzten. Euskal presoen abokatuak edota euskal presoen aldeko mugimenduan arituriko kideak dira auzipetuak, eta horixe da haiek epaitzeko arrazoia, hain justu. Izan ere, lan horren bidez Halbokako, Koordinazio Taldeko (KT) eta, finean, ETAko kide izatea leporatu diete. 13/13 auziak izan beharko luke Auzitegi Nazionalak Dena da ETA ideiapean abiatutako prozesu judizialetan azkena.
Zarata sortu zuen epaiketak. Zuzenbide arloko ehun aditu baino gehiagok ohar bat zabaldu zuten, 13/13 auziko prozesuan atzemandako irregulartasunak salatzeko; besteak beste, ohartarazi zuten non bis in idem printzipioa urratu zitzaiela akusatu batzuei. Printzipio horrek dio pertsona bat ezin dela behin baino gehiagotan gertaera berarengatik zigortu. Legelariek ohartarazi zutenez, ordea, «auzipetuetako batzuk dagoeneko kondenatuak izan dira talde armatuko kide izatea egotzita, eta betea dute horri loturiko zigorra. Hala eta guztiz ere, epaiketa saioetan idatzitako autoetan jasoa dagoena ikusirik, badirudi bigarrenez zigortu nahi dituztela akusazio berari eutsita, argudiatuta aurretik ebatzitako epaietan akusazioa ez zela talde armatuko kide izatea».
Enparantza eta Zulueta izan ziren 11/13 auzian, akordioa eginda, 47 auzipetuetatik kartzelara joan ziren bakarrak, beste 45ek espetxea saihestearen truke. 2019ko irailaren 15ean, hiru urte eta zortzi hilabeteko zigorra jaso zuen Zuluetak. Hori argitu zuen abokatu lekeitiarrak epaiketan: «Asumitu nuen abokatuen kolektiboko kidetza, 1989tik hartu baitut parte horretan. Perspektiba horretatik onartu nuen KT-rekiko kidetza, presoak momentu horretan egiten ari ziren eztabaida koordinatzearen perspektibatik». Enparantzari, berriz, bi urte, zazpi hilabeteko zigorra ezarri zioten.
Defentsako abokatuek ere akusatuen babesgabetasuna salatu zuten lehen saioan, eta ohartarazi auzipetuen zenbait eskubide urratu zirela: delitu beragatik bi aldiz epaitua ez izatekoaz gain, bidezko epaiketa bat izatekoa eta errugabetasun presuntzioarena.
Torturak ere azaleratu ziren epaiketan zehar. Zuriarrainek eta Agirrek epaimahaiaren aurrean kontatu zituzten atxiloaldian jasotako tratu txarrak eta eraso sexualak: indarrez biluztu, ukitu, iraindu eta jo zituztela, esaterako. Horren harira, torturapeko deklarazioetan oinarrituriko epaiketarik ez egiteko eskatu zuten herritar batzuek Zornotzan (Bizkaia), irailean.