Arantza Zuluetari elkartasuna adierazteko manifestazioa egin dute Lekeition
Zapatuan [apirilak 2] 19:00etan irten ziren Eskolapetik eta herriko kaleak zeharkatu zituzten. Datorren zapatuan 17:30etik aurrera mobilizazioak egingo dituzte Bilbon eta Donostian.
Eguenean [martxoak 31] eman zuen jakitera Espainiako Auzitegi Nazionalak 13/13 auziko epaia. Zulueta lekeitiarrari ezarri zioten espetxe 13/13 auziko zigorrik handiena, zazpi urte eta erdikoa: lau urteko zigor bat «erakunde terroristako kide» izateagatik eta hiru urte eta sei hilabeteko beste bat «armak eta lehergaiak edukitzeagatik». Jon Enparantzari lau urteko espetxe zigorra, Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa eta Naia Zuriarraini hiru urte eta erdikoa ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu egin zituzten.
Epaia irten bezain laster ‘Arantza herrian’ dinamikak elkarretaratzea antolatu zuen Arantza Zuluetari herriaren elkartasuna adierazteko. 150 pertsona batu ziren Eskolapean Arantzari zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra. Zigorrik ez pankartaren atzean. Aurreratu zuten, “Aurrerantzean deiadi gehiago etorriko dira”. Zapatuan manifestazioa egin zuten Lekeition Arantza herrian, zigorrik ez pankartaren atzean.
13/13 auziaren epaiketarako data ezarri zenean, akusatuen sorleku edo bizitoki ziren herrietan plataformak sortu ziren haiei sostengua eta babesa emateko. Orain, epaia jakinarazi ostean, plataforma horiek barikuan egindako agerraldian salatu zuten lau akusaturi hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri dien sententzia “injustizia bat” dela, prozesu osoa “irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka” egon delako, eta manifestatzera deitu zituzten herritarrak: apirilaren 9an bi manifestazio antolatu dituzte, 17:30ean, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiako Saguesetik abiatuko dira.
Xabier Amuriza idazle eta bertsolariak, Ana Perez irakasle eta sindikalistak, Gotzon Barandiaran idazleak eta Luix Barinagarrementeria abokatuak irakurri zuten agiria, multzo zabalago baten ordezkari gisa: Esan zutenez, ezarritako zigorrek bi helburu dituzte: epaitutakoen eta haien senide eta lagunen “sufrimendua areagotzea”, eta “Euskal Herriarentzako konponbide demokratikoa oztopatzea”.
Azaldu zutenez, epaituentzat auzibidea “krudelkeria kate luze bat” izan da, baina politikoki ere “Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko egiten ari den bidearen kontrako norabidean” doa, horretarako Dena ETA da leloari eutsiz.
Torturak, abokatuen bulegoen miaketak, Espainiako zerbitzu sekretuen esku hartzea eta prozesuan agertu diren gainerako irregulartasunak salatu zituzten. “Sententzia hau iraganeko estrategia, jarrera eta jokabideetan oinarritzen den zigor kolektiboa da; hain zuzen ere, euskal gizarteak nahi duenaren aurkakoa”.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko legelariak biltzen dituen Erabakizaleak taldeak epaiaren azterketa egin du, eta ondorioztatu du Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean aitortutako eskubideen “urraketa larria” dakarrela.