Elkarretaratzea herritar baten lan heriotza salatzeko
Eguenean, Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak deitutako elkarretaratzea egin zen, eta barikuan, berriz, Mutrikuko Udalak bat egin zuen sindikatu eta eragile sozialek deituriko elkarretaratzearekin.

Martxoaren 28an 60 urteko mutrikuar bat hil zen lan istripu batean, eta egoeraren berri jakitean, elkarretaratzeak deitu ziren gertaera salatzeaz gain, familiari elkartasun adierazteko.
Eguenean, Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak deituriko elkarretaratzea egin zen eta bertan, heriotza kasu hauen izaera estrukturala salatu zuten. “Gizarte kapitalistarentzat berezkoa eta beharrezkoa dela, gutxiengo baten eskuetan etengabe aberastasuna metatzea, eta hori langileon kontura bakarrik egin dezakeela” azpimarratuz.
Bestalde, Mutrikuko Udalak adierazpen instituzional bat argitaratu zuen, lehenik eta behin, familia eta hurbilekoei babesa eta elkartasuna adierazteko eta, gainera, lan arriskuen aurkako defentsa erdigunean jartzeko. Udalaren esanetan, prebentzioa eta prestakuntzaren bidez lortzen da langileen ongizatea, ezagutza eta segurtasuna, eta horretarako inbertsioen beharra dago.
Eskaera bat egin zuen “erakunde guztiei berriz ere eskatzen diogu lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, lan administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jarrai ditzatela”.
Gertaeraren aurrean Udalak erabaki batzuk hartu ditu; salaketa irmoa egin eta heriotzaren inguruabarrak argitzeko eskatzea, senide eta hurbilekoei laguntza eskaintzea, laneko segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea eta lan arriskuen prebentzioari buruzko jardunaldi egokiei buruzko proiektuak egiten jarraitzeko eskaera zabaltzea.
Hortaz, bariku arratsaldean EMAk, eragile sozialek, pentsiodunaek, eta gazte talde batek egindako elkarretaratzearekin bat egin zuen Udalak, eta ohiko lekuan bildu ziren herritarrak, Prekarietatea hiltzailea! Etxera bizirik bueltatu nahi dugu! lelopean.
Elkarretaratzea deitu zutenek datu esanguratsu batekin hasi zuten irakurketa, ” Euskal Herrian, jada, 14 langile hil dira, horietako 5 alturetatik erorita”. Herritarraren senideei beraien babesa helarazteaz gain, “irmoki eskatzen diogu lan ikuskaritzari eta Eusko Jaurlaritzako agintariei, beharrezkoak diren ikerketa zehatz guztiak egin ditzatela, eta behingoz hartu behar diren neurri zuzentzaileak hartu dezatela, gehiago inon eta inoiz holako istripurik gertatu ez dadin”.