Elkartasun bidaia Mutrikutik Poloniara
Mutrikutik abiatuz, Ukraina eta Polonia arteko mugan dagoen Przemsyl herria helmuga ezarri zuten Agustin Elorza 'Pikua', Domeka Lasarte 'Toxu', Jon Agirrezabala eta Joxemari Etxaburuk. Martxoaren 24an abiatu ziren Poloniarantz, eta helburuak beteta eta egindako lanarekin harro bukatu dute ibilbidea.
Martxoaren 23an, 2.600 kilometroko ibilbidea egiteko prestakuntza lan guztiak eginda zituzten. Bederatzi lagunentzako furgoneta bat alokatuta, lau txofer eta furgoneta biak materialez gainezka. Hain zuzen ere, 2.000 kilo: janaria, argi sorgailuak, jantziak, garbiketarako osagaiak eta botikak. Guztia prest zuten, Przemsyl, mugan kokatutako helmuga herrira abiatzeko.
Martxoaren 24an abiatu ziren Poloniarantz. Bina zihoazen furgoneta bakoitzean, eta gidariak txandakatzen joan ziren, bidean ahalik eta geldialdi gutxien egiteko asmoz. Bidaia burutzeko emozioa gorputzean zuten eta helburuak argi: helmuga herrira iritsi, materiala eman Ivano herrikoei, hauek Ukrainako herrira eraman zezaten, eta ahal izanez gero, jendea ekarri bueltan.
Azken 401 kilometroak geratzen zitzaizkiela, Ukrainako kontaktuak deitu zien, helmuga herria aldatu behar zutela esanez. Hortaz, azken uneko aldaketagaz zenbait kilometro gehitu zitzaizkion ibilbideari.
[Ikusi ARGAZKI GALERIA zuzenean]
Przemsyl. Przemsyl, hasiera batean adostutako helmuga herrira heltzear zeudela, beste dei bat jaso zuten, Galdakaoko GBGE elkarteko kide baten deia. Elkarte hau Euskal Herrira errefuxiatuak ekartzeko lanean dabil, eta kontaktua egina zuten Mutrikutik abiatu zirenetik, bueltan norbait ekartzeko lotura egiteko asmoz. Baina deian azaldu ziotenez, ez zegoen inor beraien bilgune basean Euskal Herrira ekartzeko. Hortaz, hasierako helburuetako bat bertan behera gelditu zen jada. Baina laukoteak ez zuen etsi, eta beste aukera bat bilatzen ahalegindu ziren.
Horrela, Przermsyl herrian, hainbat herrialdetako elkarteek prestaturiko errefuxiatu base nagusira hurbildu ziren. Errefuxiatu base hau izugarri handia dela azaldu du laukoteak, aspaldi komertzial gune izandakoa. Bertan, boluntario talde handi bat dago lanean, errefuxiatuei harrera on bat egiteko asmoz, helbide diren herri berriak aurkitu eta bidaiak egiteko beharrezko baliabideak eskaintzeko.
Boluntarioek azaldutakoaren arabera, azken asteetan asko izan ziren boluntario bezala aurkeztu zirenak jendea eramateko, eta ondoren errefuxiatu horiek desagertu egin ziren
Baina gune horretan ere, arazoekin topo egin zuten. Boluntarioek azaldutakoaren arabera, azken asteetan asko izan ziren boluntario bezala aurkeztu zirenak jendea eramateko, eta ondoren errefuxiatu horiek desagertu egin ziren. Hortaz, helmugan begirada ezarri eta bidearekin jarraitzea erabaki zuten.
Polonia eta Ukraina artean dagoen Przejscie Graniczne Kroscienko mugako kontrol gunera iritsi ziren. Bertan, errefuxiatuentzako kanpaleku txiki bat aurkitu zuten, Poloniako Gurutze Gorriakoak, polizia, suhiltzaileak eta boluntario batzuk ere bazeuden. Hauekin hitz egitean, bidearen lehen arazo larriarekin topo egin zuten: adostutako elkargune berria Ukraina barruan dago eta beraiek ez dute pasaporterik zeharkatu ahal izateko. Berriz ere elkargune berri bat zehaztu behar zuten.
[Ikusi ARGAZKI GALERIA zuzenean]
Elkarketa. Elkargune berrira heldu eta han bildu ziren azkenik. Materiala furgonetetatik deskargatu eta beraien furgonetetan kargatzen hasi ziren. Helburuetako bat beteta zuten jada. Eta halako batean, Galdakaoko GBGEren dei bat jaso zuten, sei lagun zituzten babeslekuan, bi familia, zehazki, Donostiara etorri behar zutenak. Bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa eman, lagun ukrainarrekin agurtu eta bueltako bideari ekin zioten.
Familiak. Hurrengo goizean, Katowice herriko monasteriora heldu ziren. Bertan dago kokatuta GBGE elkarteak ukrainar errefuxiatuentzako Polonia guztirako zentralizatutako basea. Bertan zeuden, hain zuzen ere, Txernobil herriko Anna eta Alena, beraien lau umeekin. Annak 25 urte ditu eta Alenak, berriz, 24, ahizpak dira. Annak bi ume ditu, zortzi urteko Milana eta sei urteko Nikyta. Alenak ere bi haur ditu, lau urte dituen Ilyshia eta urte eta erdiko Boris. Seikotea prest dago Donostiarako bidea egiteko.
Hasiera batean kontaktua ez zen erraza izan, baina mugikorreko itzultzailea erabilita eta ukraineraz zekiten hitz gutxi batzuk esanez, nolabait lasaitu ziren bi neskak. Laukoteko batek, Etxaburuk, etxean izan zituen uda igarotzen, Ivankiv herriko hiru haur. Hauen argazkia erakustean, haurretako bat ezagutu zuten emakumeek. Txernobil eta Ivankiv herriak bost kilometrora daude, hortaz, ezagutzen dute elkar. Hortik aurrera, errazagoa izan zen beraien arteko harremana. Donostiarako bidaiari ekiteko inflexio puntu egokia.
Hiru emakumeek azaldu bezala, hiru senarrak Ukrainan utzi behar izan zituzten, baita ama ere.
Bidean. Bidean konfiantza hartzen joan ziren eta bi ahizpek Parisera joateko nahia adierazi zuten, beraien hirugarren ahizpa, Anastashia eta honen seme Dennis, Pariserako trenean zihoazela eta beraiekin elkartzeko nahiarekin.
Hasiera batean ez zen laukotearen asmoa Parisetik pasatzea, ibilbidetik 300 kilometro desbideratu behar baitziren. Baina, trena Karlsruhe herritik igaro behar zen, eta beraiek ere bai, hortaz, elkargune hori ezarri zuten. Berandu, baina heldu ziren elkargunera eta hiru ahizpek bat egin zuten. Elkarri emandako besarkadek, jauziek eta aurpegian zituzten irribarreek, hunkigarria bilakatu zuten unea.
Guztiak batera Donostiarako bidaia egiteko gogotsu zeuden. Hiru emakumeek azaldu bezala, hiru senarrak Ukrainan utzi behar izan zituzten, baita ama ere. Beraien bizi guztia utzi, haurrak hartu eta ihesari ekin behar izan zioten.
[Ikusi ARGAZKI GALERIA zuzenean]
500 kilometro inguru zituzten Donostiara heltzeko. Hainbat geldialdi egin zituzten, baina bidaia ona egin zuten eta iritsi ziren azkenean. Txernobil elkarteko kideak zain zituzten. Elkartekoek familiarentzat aterpe lekua jada lotuta zuten, egun batzuk aterpetxean igaro eta ondoren, etxe batera bidetuko zituzten.
Agurra. Emakumeek behin eta berriz eskerrak eman zion laukoteari eta malko artean agurtuz, Mutrikura abiatu ziren. 5.400 kilometro soinean, lo gutxi eginda eta nekatuta, baina pozik. Gainera, etxera heltzear zeudela, argazki batzuk jaso zituzten, Ivano Frankivsk herriko alkateak bidalitakoak. Beraiek eramandako janari, argi sorgailu, arropa eta botikak helmugako herrira heldu zirela eta eskerrak emanez.
Helburuak beteta eta egindako lanarekin harro bukatu zuen ibilbidea laukoteak, esperientzi polit bat bizita eta berriro ere behar dutenei laguntza emateko gogoz.