Gorka Benitezek 'Baleen Lobak' jazz ikuskizuna aurkeztuko du Uhagonen
Barikuan [apirilak 8] kontzertua eskainiko du bilbotarrak beste hiru euskal musikarirekin
19:00etan hasiko da ikuskizuna Uhagon kulturgunean eta sarrerak salgai daude dagoeneko. Aurretik udaletxeko kutxazainean eros daitezke, kulturguneko bazkideek 3 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 5 euro. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurretik sarrerak agortzen ez badira, egunean bertan aretoan jarriko dituzte azkenak salgai.
Baleen Lobak Gorka Benitezen azken proiektua da, bertan Euskal Herritik kanpo hazi diren maila handiko beste hiru musikarirekin elkartu da: Alejandro Mingot, Pablo Martin eta Borja Barrueta. Benitez saxofonista eta konpositoreak Lekeitio du bere sormen babesleku eta bere azken ikuskizunean euskal izaerari egin nahi dio so, “gure jatorrietara itzulera alai zein beharrezko bat da”. Lau musikariak estatuko zein munduko izen entzutetsuetako batzuk dira eta “ikusgarritasuna” ziurtatzen diote ikusleari.